You are here

Bat-batean astebete baino gehiago pasatu da eta hara non agertzen garen abuztuko bigarren ikastaroaren erdian! Josu Bergararen bisitatik gaur arte, hainbat gertakari izan dira gure artean; nondik ibili garen ikusi nahi baduzue, sartu gure Facebooken (ZBarnetegia) edo blog honetan bertan, argazki galerian.

Aste honetan, ordea, blogetan kuskuseatuz aurkitutako hainbat ideia interesgarriren laburpena egin nahi dizuegu. Zeri buruzkoa? Nanopartikulen sexuari buruzkoa? Ez! Lasai, irakurterraza eta benetan interesgarria izango da eta! Has gaitezen!

Hizkuntzak ikastea prozesu konplexutzat dauka jende askok; beldurra ere ematen du sarritan (eta nagia, aitor dezagun). Demagun japoniera ikasten hasi behar dugula gure enpresak lan egiteko eskatu digulako, Japoniara joango baikara lanera. Ez al ginateke apur bat beldurtuko? Japoniera??

Bada, hizkuntza hori irakasten duen Khatzumoto jaunaren hitzetan, hizkuntza berri bat ikasten hasi baino lehen, ideia bakan batzuk argi izan behar ditu ikasleak.

Batetik, hizkuntzak ez duela inora ihes egingo; hau da, hizkuntzek denboran luze irauten dutela eta beraz, lasai hartu behar dela hauek barneratzeko prozesua. Gure arteko ohiko kasua: “Euskara X perfila lortu behar dut” eta esaldi edo ideia horrekin jadanik, estresa sortuta.

Bestetik, hizkuntzak ikastea ez dela inondik inora prozesu lineala, ez-lineala baizik. Khatzumotoren hitzetan, lineala barik, logaritmikoa da, edo zehatzagoak izateko exponentziala. Dagoeneko beldurtu zaituztegu ezta? Lasai, aurrean esandakoaren azalpena oso erraza da.
Hizkuntzak eta matematika

Prozesu lineala balitz, ikasten ematen duzun denbora eta esfortzua momentuan nabarituko lirateke. Hori ulertzeko adibide onak matematikak edo historia dira, izan ere, hauetan, gai bat ikasten duzunean ikasita dago eta kitto. Momentuan gai zara ikasitakoa erabiltzeko. Hizkuntzekin, ordea, ez da hain sinplea.

Prozesu logaritmikoa balitz, berriz, hasieran oso azkar ikasiko genuke eta gero, behin puntu batetik aurrera, gero eta zailago eta gero eta gutxiago; amaieran, ez genuke ia-ia ezer ikasiko.

Kahatzumotoren ustetan (eta geurean ere bai) hizkuntzak joera exponentziala dauka nolabait esateko. Hau da, hasieran, aurrerapena nabarmena da; prozesuan aurrera egin ahala, badirudi moteldu egiten dela; amaieran, ordea, berriro abiadura hartzen du eta errazago barneratzen da ikasitakoa.