Hemen zaude

Idazlan hauek Zornotzako Barnetegiko ikasleek (edota irakasleek) sortuak dira. Ortografia eta gramatika akatsak zuzendu ditugun arren, estilo eta formari dagozkionak bere horretan utzi ditugu, ikasleen mailak berezkoak dituelako. Hori esanda, argi gera dadila idazlan hauek guztiek dagokien hizuntza eskakizuneko gutxienekoa betetzen dutela; hau da, dagokien mailarako gai direla.


 

Gaia: Duintasunez hiltzeko eskubidea

Maila: C1

Egitekoa

Ikaslearen idazlana:

Gizakien nahi eta egunerokotasunaren etengabeko erronka beti ahalik eta hoberen bizitzea da; hots, osasuna zaintzen dugu, zoriontsu egiten gaituena zaintzen dugu, kirola egiten saiatzen gara, elikadura kontrolatzen dugu... Hala ere, heriotza heltzean, izugarrizko sufrimenduak jasatea onartzen dugu, bizitzeko eskubidea hiltzekoaren gainean jarriz. Izan ere, uste dugu bizitza eta heriotza bananduta daudela, baina egia esan, elkarren artean estuki lotuta daude, bata bestearen jarraipena baita.

Badirudi gizarte honetan bizitzaren kalitateak bere luzapenari heltzen diola, eta horietako bata barik bestea ezin daitekeela izan. Hala eta guztiz ere, hori ez litzateke horrela izan behar. Izan ere, pertsona batek luze iraun dezake bizitza honetan, eta aldi berean, bizitza ez disfrutatu. Orduan, pertsona horrentzat bizitzen jarraitzea zigorra izango litzateke. Egoera hau oso ohikoa da gaixotasun larri eta degeneratiboak pairatzen  dituzten gizakietan, non, nahiz eta beren desira bizitzaren helmuga zeharkatzea izan, sistema honek haien sufrimendua luzatzera kondenatzen dituen.

Arestian esandakoa oraindik ere existitzea ez da zilegi, eta badirudi erlijio kristauaren oinarriari heltzen diogula zentzu horretan. Ezaguna denez, katoliko eta judutarrek uste dute bizitza Jainkoak emandako zerbait dela, eta ondorioz, bera dela bizitza noiz bukatuko den esan dezakeen bakarra. Hala ere, eutanasia legeztatzeak ez du inor hori aplikatzera behartzen, eskubide bat baita. Hortaz, kristau edo judutarrei ez die zertan eragin.

Beraz, gizartean dena aurrera doa, zientzia eta teknologia garatu, etab, baina hein berean, gure pentsamoldea ere birmoldatzen doa? Egia da sufrimenduarekin bukatzeko sendagai eta teknika anitz daudela sufrimendua asko baretzen edota harekin amaitzen dutenak, adibidez, morfina. Edozelan ere, ez da zentzuduna pertsona batek bere bizitzaren azken momentuak drogatuta eta inkontziente edota makina bati lotuta ematea. Nire uste apalean, askoz duinagoa ez ezik gozoagoa ere bada, sufrimendua jasangaitza izan baino lehen, familiaz eta gertukoez inguratuta bizitzaren azken egunaz gozatzea eta, minak bizitzarenganako dugun maitasuna gainditzen duenean, heriotza ezagutzea.

Hala eta guztiz ere, ezin da beti gaixoaren nahia jakin, batzuetan hain da latza dagoen egoera non ezin baitu adierazi. Egoera horietan ere, eutanasia aplikatu beharko litzateke, bere egoerak atzera bueltarik ez badu.

Arazo horri konponbiderik ez emateak eta eutanasia ez legalizatzeak, ilegaltasun eta klandestinitate izaeretara garamatza; esaterako, pozoiketak. .

Aurreko guztia kontuan hartuta, eutanasia aplikatzea, gaixoen sufrimenduak luzatzea baino etikoagoa delakoan nago, eta ondorioz, argi eta garbi, legeztatu beharko litzateke Belgika bezalako estatuetan egin duten legez. Hobe da bizitza hiltzea, hilik bizitzea baino.

Begoña Artetxe