Hemen zaude

Gaia: Bakardadea

Maila: C1

Egitekoa

Idazlana:

Bilbon, 2020ko maiatzaren 15ean

Azken bolada honetan, bakardadearen gaiak hautsak harrotu ditu gure gizartean. Herenegun, hain zuzen ere, Berria egunkarian Ainara Argoitiak idatzitako artikulu bat irakurri nuen. Bertan azaltzen zuenez, giza harremanetako adituen arabera, bakardadea herrialde garatuetan milurte honetako arazo sozialik larrienetako bat da. Hori gutxi balitz bezala, duela gutxi, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako ikerketa baten arabera, egun, herri garatuetako populazioaren %56 bakarrik sentitzen da. Harritzekoa dirudien arren, datu horiek, zoritxarrez, egiazkoak dira, eta egungo gizartearen errealitatea islatzen dute. Hortaz, egoera horren berri izan eta gero, gaiari buruzko iritzia plazaratzeko beharra sentitu dut, nire kezka eta, bide batez, nire egonezina adierazteko. Horregatik, herriko aldizkarian idaztea pentsatu dut, gai honi buruz dudan ikuspuntua argitara emateko.  

Nik uste dut bakardadearen egoerara heltzeko eragile nagusia teknologia izan dela. Izan ere, ezin daiteke uka, azken urteotan, gizartearen egoera erabat aldatu dela. Adibidez, 80ko hamarkadan, pentsaezina zen teknologiaren bidez harremanak sortzeko edota indartzeko hainbeste aukera izan zitekeenik. Orain, ohikoa da sare sozialetan hainbeste lagun izatea, zein baino zein faltsuagoak. 

Alde horretatik, ez dago zalantzarik teknologiak alde onuragarriak eta eraginkorrak dakartzala. Esate baterako, teknologiari esker tele-lana egiteko aukera daukagu, gainera, nahiz eta herrialde desberdinean bizi, pertsonen arteko interakzioa posiblea da. Hala eta guztiz ere, bistakoa da kontrako jokaerak eta ondorioak dakarzkigula horrelako bizi birtuala izateak. Hau da, bai osasunarentzat, baita geure eguneroko ongizatearentzat ere, ezinbestekoa da gure iritzia adieraztea, lagunekin eztabaidatzea, adostea eta norbaitekin maitemintzea. Laburbilduz, zoriontasuna lortzeko behar beharrezkoa da aurrez aurre geure emozioak adieraztea. Hori ez badugu egiten, nahiz eta sare sozialetan hamaika lagun izan, ezinezkoa izango da bakardadearen atzamarretan jaustea saihestea. 

Beraz, egoera honi buelta emateko irtenbideak ez dira batere errazak. Beharbada, gobernuaren aldetik, gai honi buruzko informazio-kanpainak, bilerak eta hitzaldiak prestatu beharko lirateke, tamalgarria iruditzen baitzait hain desinformatuta egotea eta lehentasun politikoetan hain toki xumea ematea gai honi pertsona guztien eguneroko ongizateari eragiten baitie.


Idazlan hauek Zornotzako Barnetegiko ikasleek (edota irakasleek) sortuak dira. Ortografia eta gramatika akatsak zuzendu ditugun arren, estilo eta formari dagozkionak bere horretan utzi ditugu, ikasleen mailak berezkoak dituelako. Hori esanda, argi gera dadila idazlan hauek guztiek dagokien hizuntza eskakizuneko gutxienekoa betetzen dutela; hau da, dagokien mailarako gai direla.

Teresa Estéfano