Datorren astean hasita, lau asteko perkusio ikastaroa izango dugu Zornotzako Barnetegian Jon Freskoren (Ken Zazpi) eskutik. Ikastaroa 8 ordukoa izango da, eta horrela antolatu dugu: martxoak 18, martxoak 25, apirilak 1 eta apirilak 8, arratsaldeko 6etatik 8etara.

Oraingo honetan, Barnetegiko ikasleak gonbidatzeaz gain, ikasle ohiei ere luzatu nahi diegu gonbita. Azken finean, horrelako aukera askorik ez da egoten, eta, hori dela eta, partekatu nahi dugu. Beraz, gurekin inoiz ibili zaretenok ere, ANIMA ZAITEZTE. Ez al da aitzaki ezin hobea berriro ere elkar ikusteko?? ERDUUU!!!

Orokorrean, latin perkusio eta bateria modernoaren gaineko ikastaroa izango da, baina ikus dezagun, zehatzago, zer ikasiko dugun.

Helburu teoriko eta praktikokoak ditu ikastaroak.Teoriari dagokionez, perkusioa, perkusio tresnak eta erritmoak ezagutuko ditugu, Jonek egingo digun aurkezpenari esker. Hori behin eginda, praktikari helduko diogu, eta, horretan, tresna batzuk ikusi, ukitu eta jotzeko aukera izango dugu; hain zuzen ere, bongoa, tinbala, kanpaiak, danborrak eta bateria. Ez duzue esango, beraz, itxura ederra ez duenik!!

Badakizue, orduan! Hitzordua daukazue Barnetegian, hortaz, parte hartu nahi izanez gero, izena eman besterik ez duzue egin behar. Ikasle zabiltzatenok, betiko moduan, idazkaritza jo eta baietza eman; eta besteok, 94 630 83 04 telefono zenbakira deitu edo info@zornotzakobarnetegia.com helbide elektronikora idatzi etorriko zaretela adierazteko.

ZEIN ONDO PASATUKO DUGUUUN!!!!!!!