You are here

Abuztuko lehen ikastaroa gaur bukatuko dugu, eta, nahiz eta guk hemen jarraitu, ziur gaude asko eta asko oporretan joango zaretela. Dakizuenez, noizean behin, irakurketa gomendioak ekartzen ditugu blog sarrera honetara, eta ohikoena eleberriei buruz idaztea izaten da. Bada literaturan azken urteotan indarra hartzen ari den genero aspaldikoa: ipuinak. Zenbaiten ustez haurrentzako idazten diren kontuak izan arren, gero eta irakurle gehiago bereganatu dituen generoa dugu, ordea. Guk pare bat aukeratu ditugu zuei aurkezteko. Bata duela gutxi idatzia da, bestea berriz, 1963koa da. Bai, bai, duela ia 60 urte!!

Estilo ezberdinetan idatziak diren arren, aipagarria da biek partekatzen dituztela hainbat ezaugarri berezi, esaterako, argitalpenean erabilitako papera. Papera esan dugu bai; izan ere, liburu elektroniko eta gailu digitalen garaiotan, badago oraindik liburuak eskuartean izateak atsegina sortzen dion jendea (tartean, geu), eta bi liburuok kalitate handiko edizioak dira. Horrez gain, irudiak edo ilustrazioak ikaragarri landuta daude batean zein bestean, ñabarduraz Beteta daude, eta irakurtzeak besteko plazera ematen du haiei so egoteak. Kontatzen den istorioarekin bat egiten dute, eta inoiz ipuinaren protagonista ere bihurtzen dira, hain dira ederrak!

Liburuok asko gustatu zaizkigula nabaria da, ezta? Zeintzuk diren esan beharko!

Lehena, 1963an publikatua estreinako aldiz, Maurice Sendakena da. Piztiak bizi diren lekuan du izena lanak, eta sortu zenetik hona, hainbeste argitalpen izan ditu, zerbait berezia duen seinale. Mutiko oker batek gau batean izaten duen bidaia miragarri baten berri ematen da bertan. Ez dizuegu asko kontatuko, soilik, esan, testuak laburrak direla;esaldi solteak, ia-ia. Hala ere, hitz gutxi horien atzean, asko dago ezkutuan.

Bigarren liburua,  Julen Araluzeren Arrantza egun bat da. Batzuk jakingo duzuen moduan, hamabostaldi honetako igandean, Bermeora egin genuen txangoa. Arrantzaleen museoa ikusi genuen eguna hasteko, eta bertan aurkitu genuen lan dotore eta polit hau. Honetan bidaia luzeago bat kontatzen da, haurtzarotik … Geldi! Ezin dizuegu ezer esan, magia galdu egingo da bestela!

Artelanak dira biak, eta kontakizun ederrak dauzkate gainera barruan. Merezi dute, biek ala biek.