You are here

Telematikoa gora, telematikoa behera, zenbat aldiz entzun eta esan ote dugu #telematiko hitza azkenaldian? Baina zer da telematikoa? Nolakoa da ikastaro telematiko bat? Nola dago antolatuta? Horixe erantzungo dugu gaur hementxe.

Demagun aurrez aurreko eskolak aukeratu ditugula euskara ikasteko. Barnetegira etorri eta 9.30ean ikasgelara sartu, egun on esan eta nor bere lekuan eseriko ginateke. Orain, imaginatu ikasgelara fisikoki sartu beharrean, etxeko ordenagailuan gela birtual batetara sartzen garela. Listo! Horixe da aldaketa nagusia! Ikaskideak eta irakaslea fisikoki alboan eduki beharrean, pantailan bertan ikusi eta entzun ditzakegula!

Ikastaro telematikoek aurrez aurrekoen antolamendu bera dute, baina etxetik eta ordenagailuaren bitartez egiten ditugu. Izan ere, behin taldean sartuta, gainerako guztia, aurrez aurreko eskoletan egiten den antzean egiten dugu. Hori bai, fotokopiak edo materiala fisikoki eman beharrean, landu beharreko edukiak eta horretarako erabiliko diren material eta baliabideak Moodle (www.ikasten.eus) plataformaren bitartez partekatzen ditugu. Adibidez, idazlanak, irakurmenak, galdetegiak, zuzenketak, bideoak...

Hemen ikus ditzakezue adibide batzuk:

                

            

Eskolek iraun bitartean, gelakide guztiok konektatuta gaude Jitsi.org bitartez; horrela, azalpenak, zalantza edota beste edozer zuzenean argitu dezakegu. Era berean, mintzak egiteko ere plataforma hau erabiltzen dugu; taldeka, bikoteka zein denon artean izan, normaltasun osoz zuzenean hitzegiteko.

Hementxe ikus dezakezue saio baten argazkia:

                                

Eskola egun normal bat, gainontzeko gelakideak eta irakaslea "aurrean" ditugula, baina etxetik. Hortxe ikastaro telematikoa! Jakingo duzuenez, Zornotzako Barnetegian ikastaro telematikoak egiteko bi aukera eskaintzen ditugu urrian hasi eta ekaina bitartean (hilabetekoak): bata, egunero 6 orduko ikastaroa eta, bestea, astean 6 ordukoa (3 ordu egunean, astean bitan). Beraz, interesa izanez gero, lotura honetan duzue beharrezko informazio osagarria:   https://www.zornotzakobarnetegia.eus/ikastaroak/aurrez-aurreko-telematikoak