Hamabostaldi honetan bertso afaria izan dugu Beñat Ugartetxea, Unai Ormaetxea eta Joseba Petralandarekin. Lehenengo biak aspalditik ditugu bertsolari (txapelketetan eta baita musika arloan ibilitakoak ere); hirugarrena, Zornotzako bertso eskolan bertsotan ikasten ari den ikaslea.
Hona hemen beraiekin izandako berbaldia.
1.- Noiz eta nola hasi zineten bertsotan?
Petra: ni 2013ko hasieran, azken Bizkaiko bertsolari txapelketa ikusi eta gero, berotu nintzen eta hasi nintzen hauekin bertsotan.
Unai: ni hamaika urterekin. Lopetegi zegoen ikastolan eta berak antolatzen zuen halako bertso saio bat egin eta ikusi eta hantze engantxatu nintzen.
Beñat: beno, nire aita ere bertsolaria zen eta etxean jasotako zerbait da; baina, hasi- hasi benetan, Lopetegi hasi zenean eskolara etortzen, 11 edo 12 urterekin. Harekin hasi eta gero, Mallabin mutil koxkortxuok geure artean ibiltzen ginen.
2.- Zein izan da orain arteko esperientzia bertsolaritzan?
P: ni bertso-eskolan, jo eta su! Ekipo bakarra momentuz.
U: 6, 7 eta 8.mailan, eskolartekoetan ibili nintzen; ondoren, institutura pasatzean itxi edo egin nuen urte eta erdiz. Gero Zornotzan bertso-eskola zegoela eta Mikel Urdangarin eta biok sartu ginen bertan.
B: Ni Lopetegirekin eskolan hasi eta gero, Mallabin auzo asko zegoenez, zorte ona izan genuen; ume-umetatik bertsotan ibili ginelako. Nire lehen saioa 12 urterekin egin nuen. Ez daukat oroitzapen txarrik, beti izan bainaiz plazagizona.
18 urte bete arte, inguruko herrietan saiotxoak egiten nituen, eta handik aurrera gero eta saio gehiago, baina ibili plazan, beti!
3.- Bertso afari/bazkariak ala txapelketak nahiago?
B: Eserita bada, nahiago! Nik behintzat ez daukat dudarik. Ez naiz txapelketa zalea, baina egon behar direla uste dut. Aurten ere joango naiz, erakusleiho ona delako eta baita saio asko hor lotzen direlako ere. Are gehiago, pentsa ezazue Euskal Herriko finalean 13.00pertsona euskara hutsean entzuten eta denak isil-isilik … eta hori txapelketetan bakarrik lortzen den zerbait da.
Baina gozatu, askoz gehiago gozatzen dut honelako [1] lekuetan. Txapelketek tentsio eta prestakuntza bat eskatzen dute. Izan ere, edozein gai toka dakizuke eta horri aurre egin behar zaio. Batzuei hori da gehien kostatzen zaiena, nahiz eta bertsolari apartak izan, egoera horri aurre egitea.
U: bai, bakoitzak berea dauka, betiko eztabaida da hori. Txapelketak egon behar direla uste dut nik ere. Adinarekin, baina, konturatzen zara hau jolas bat dela eta disfrutatzeko egiten duzula. Beraz, berdin da non, beti ere ondo nagoen aldarte batean baldin bada.
P: entzuleek ere bertso txapelketak eskertzen dituzte, ezta? Han ikusten da bertsolari bakoitzaren maila, zorrotz, bertsotan topera; bertso afariak sosegatuagoak dira beharbada. Estilo desberdinak dira eta azkenean bietan gozatzen da.
4.- Inoiz geratu ahal zarete, zer esan ez dakizuela? Ba al dago horri aurre egiteko trikimailurik?
P: niri sarri gertatzen zait eta esperientzia oso- oso txarra da. Oso txarto pasatzen dut. Bertso eskolan hauen (irakasleen)aurrean ere txarto pasatzen dut, beraz, ez dut pentsatu nahi zer izango den plazan gertatzea! Bertsoak daukan gauzarik txarrena hori da niretzat. Zer esan ez jakin, nola amaitu ez jakin; segundo bakarra ere, infinitua egiten da!
B: zerbait bota. Igogailuan gertatzen denaren parekoa da; zerbait esan, nahiz eta kontura ez etorri , eta aurrera. Nik neuk izan dut esperientzia txarren bat eta A edo B, errima erraza hartu eta zerbait bota. Izan ere, bertsotan txarrena isilunea da. Denak konturatzen dira isiluneaz; bertsoa txarra ala ona den, ordea … Bakarkako gaietan gertatzen da batez ere.
U: elkarrizketa baten modukoa da. Berbaldi bat. Ez badaukat zer esanik … eta ezin naiz isilik gelditu! Izaerarekin ere zerikusia dauka. Nik, adibidez, bertsoa kaxkarra dela uste badut, nahiago dut ez abestu; baina isilik ezin gelditu! Nik ez daukat hortik irteteko trikimailurik.
5.- Hirurok zabiltzate bertso-eskolan. Zelan irakasten da bertsotan? Ba al da teknikarik?
B: sekreturik ez dago. Egin eta egin. Bizikletan ibiltzea bezalakoa da, pedalei eragin eta eragin. Baina, hasteko, jolas moduan hartu eta errodajea egin. Behin maila batetik gora, teknika menperatzen duzunean eta gora egin nahi baduzu, gai batzuk landu, errimak hobetu eta abar. Hiztegia, adibidez, landu beharko genuke. Bertsoaren amaiera pentsatu ezer baino lehen. Lopategik abesarazi egiten zigun amaiera eta musika egokia proposatzen zigun amaiera horrentzat.
U: gaztetxotan hartuz gero, gauza asko irakatsi daitezke, baina behin adin batetik aurrera, nahiko birjina da hasiera. Lagunekin futbolean aritu den gazte bat hirugarren erregionalean jokatzen hastea bezalakoa. Baina batez ere inprobisatzeko teknikak lantzen dira.
P: Ni neu, hasieran eskolara heldu nintzenean ez nintzen gai zortziko txiki bat egiteko ere, baina orain banabil.
6.- Gure euskara ikasleak nola hurbil ditzakegu bertso mundura?
P: Beste asko, bertsolariak ikusita sartzen dira mundu honetan. Adibidez, norbaitek esan dezake “niri Amets Arzallus gustatzen zait eta bera ikusten noa”; halakoak ere ikusten dira. Garrantzitsua da ikus-entzuleari zerbait transmititzea.
B: bai, izan zaitezke oso bertsolari ona, baina ondo abestu ezean, ez daukazu zereginik.Eta jendearenganako engantxe hori ere beharrezkoa da. Bada bertsolari oso ona izanda, jendearengana heltzen ez denik ere.
U: bertsoak ahozkotasuna lantzeko baliabide asko ditu eta gainera jolas bat bezalakoa da. Batzuentzat errima jokoa da lotzen dituena, beste batzuentzat musika. Norberari gehien gustatzen zaion bertsoaren aldetik sartu behar da bertso munduan.
[1] Barnetegiko bertso afariari erreferentzia eginez