Hemen zaude

Gustatuko zaizuen proposamen bat dakargu aste honetan gure blogera. Dakizuenez, joan den azaroan mastodon.eus sare sozialaren aurkezpena egin zen. Blog sarrera honetan azaldu genizkizuen sare honen nondik norakoak: euskal fedibertsoa!

Bada, mastodon.eus sareko erabiltzaile batzuek irakurketa talde bat sortu dute eta geu ere bertan izango gara partehartzen. Otsailean izango da lehen saiakera,  eta taldearen helburua hilabetez hilabete liburu bana irakurtzea eta komentatzea da.

Nola erabakiko da zein liburu irakurriko dugun? Hilero, partaide bakoitzak liburu bat proposatuko du hurrengo irakurketarako. Ondoren, inkesta baten bidez, proposamen guztien artean bat aukeratuko da, eta horixe izango da hurrengo hilabetean landuko dena.

Argiago ikus dezazuen, eta bi sare sozialen izaerak oso desberdinak direla argi esanda, Mastodonek baditu Twiterren antzerako ezaugarri batzuk. Erabilera oso erraza du; hemen ere, beste erabiltzaileak jarraitzeko aukera daukagu eta besteek gu jarrai gaitzakete. Idazten dugun mezu bakoitza ‘tut’-a da, eta besteen mezuak partekatzen ditugunean ‘bultzada’ ematen diogu. Erraza, beraz.

Hala bada, gure proposamena zeuek ere sare horretan sartu eta irakurketa klubean aritzea da. Izan ere, iruditzen zaigu aukera paregabea eskaintzen duela bai euskaraz irakurtzeko, bai irakurritakoa euskaraz lantzeko. Ez hori bakarrik, proposatuko diren liburuen zerrendetatik ere irakurtzea merezi duten hainbeste obra atera ditzakezue, agian, bestela ezagutuko ez zenituztenak. Ez duzue uste? Baietz!

Gainera, eta bukatzeko, euskal sarean behin murgilduta, euskararekin lotutako hainbeste proposamen, ekimen eta abarren berri ere izango duzue. Argudio gehiagoren beharrik ez dago, ezta? Animatu eta egin TUT!!