Hemen zaude

Neguan zein udan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Zornotzako Barnetegiak ekintza osagarriak eskaintzen dizkie bertako ikasleei. Horretaz irakasle bat arduratzen da, eta ekintzon helburua hauxe da: ikasleek euskara eskola girotik kanpora ere erabiltzeko aukera izatea. Horietaz gain, afalostean ere, mahai-jokoen txapelketak antolatu eta filmen emanaldia eskaintzen ditugu.

Ekintza osagarriok oso positibotzat jotzen ditugu, lagunarteko giroan burutzen direnez, euskararen erabilera sustatzeko oso motibagarriak direlako.

Kanpo ekintzen helburua, beraz, ikasleek euskara gelatik kanpo erabiltzea da. Eta ekintzotako parte-hartzea derrigorrezkoa ez bada ere, hori lortze aldera, partaidetza kanpaina burutzen dugu. Horrela, ikasleek ekintza osagarrietan parte hartzeagatik puntuak eskuratzen dituzte. Puntu gehien lortzen dituzten lehenengo hamar ikasleen artean liburu elektroniko batmaterial didaktikoa eta abar zozketatzen dugu.

Astean eskaintzen ditugun ekintza osagarriak (18:00-20:00) honako hauek dira:

  • Eskulanak
  • Dantza ikastaroak
  • Yoga
  • Bertsolaritza
  • Sukaldaritza
  • Mintzalaguna
  • Museoetara bisitak
  • Txangoak
  • Kirol ekintzak

Zer egin barnetegian arratsaldetan

Programazioan irizpide hauek izaten ditugu kontuan:

1. Denboraldia, udan neguan baino ekintza gehiago dira kanpoan (kanoak Urdaibain, txangoak,…)

2. Ikasleen profila eta gustuak. Gazte taldeekin gehiago dira kirol ekintzak. Atzerriko unibertsitateko taldeak direnean, irteera turistiko gehiago izaten dira (Gughenheim, Gernika,…)

Hala ere, ekintzak eta txangoak aukeratzeko orduan, euskal kulturarekin lotutako ekintzei, feriei eta ospakizunei (San Blas, Gernikako urriko azken astelehena, Durangoko Azoka) emango diegu lehentasuna. Honez gain, hori guztia, euskarazko elkarreragina ahalbideratzen duen jai giroan.

21:00etatik aurrera, ikasleek mahai joko eta txapelketetan parte hartu ahal dute, neguan ikasleen txokoan eta udan kanpoko terrazan. Joko eta txapelketez gain, filmak ere izaten dira ikusgai.