Hemen zaude

Gaia: Eskola lehen eta orain

Maila: C1

Egitekoa

Ikaslearen idazlana:

Jakin, badakigu denboraren poderioz gizartea aldatuz joan dela eta horrekin batera, hezkuntza sistema ere eraldatu dela. Izan ere, nork ez ditu bere aitona-amonak beren garaiko hezkuntza sistemaren gainean hitz eta pitz entzun, eta mundu desberdin bat buruan irudikatu? Bada, ezin da ukatu aldea badagoela iraganeko eta gaur egungo eskolan.

Denok dakigunez, antzina umeak oso goiz hasten ziren lan egiten; batez ere, familian baserria zeukatenak nekazaritzan aritzen ziren elikagaiak landatu eta gero, herriko plazako merkatuan saltzeko eta modu horretan, dirua irabazi ahal izateko. Oro har, etxera dirua eramateko egiten zuten,garai hartan oso ohikoa baitzen hori. Beraz, askok eskolara joan eta handik gutxira utzi egiten zuten. Gaur egun, ordea, derrigorrezkoa da eskolara joatea. Are gehiago, gaur egun, ikasketa maila handikoek prestigio handiagoa dute ikasketetan gaizki doazen edota ikasteari goiz uzten diotenek baino; hau da, gaur egunean garrantzi gehago ematen zaie ikasketei. Askotan, badirudi batzuetan gizarteak adierazten digun errailetik irtetzen bagara, eta unibertsitateko bidetik jotzen ez badugu, artaldeko ardi beltzatzat hartzen gaituztela. Gainera, gazteak ez dira horren laster lanean hasten; alderantziz, oso zaila zaie gazteei lana bilatzea.

Era berean, iraganeko eta egungo baliabideak ere, oso desberdinak dira. Ikasgelei dagokienez, lehen adin guztietako ikasleak biltzen ziren gela berean. Egun, ostera, begi bistakoa da hainbat eta hainbat klase daudela, bakoitza adinaren eta mailaren arabera bananduta. Ikasgelei ez ezik, irakasleei, eskolako materialari eta klaseak emateko teknikei ere begira, aldeak nabarmentzen dira. Izan ere, iraganeko eskoletan maisu edo andereño bakarra zegoen bitartean, egungoetan irakasgai bakoitzeko bat eta batzuetan bat baino gehiago ere, hots irakasle nagusiari laguntzen diona, badago. Gainera, teknologia berrien aurrerapenekin iraganean existitzen ez ziren material ugari erabiltzen dira; esaterako, ordenagailuak, arbel digitalak,etab. Jakina, horrenbeste aldaketarekin klaseak emateko moduak ere ezberdinak dira, hain justu ere, ez da berdina irakastea teknologia berrien laguntzaz eta mila liburu desberdinekin edo liburu bakarrarekin klasea ematea.

Amaitzeko, esan nahiko nuke nahiz eta jendeak diziplinaren arazoa antzinako kontua delako ustea izan, gaur egun ere badirauela. Izan ere, argi dago irakasleek garai batean zuten autoritatea galdu dutela eta hainbat faktore direla medio, gero eta indar gutxiago dutela ikastaldeari aurre egiteko. Gainera, ikasleak ez dira irakasleen etsai bakarrak, oso ohikoa bihurtu baita irakasleek gurasoengandik mehatxuak jasatea. Gauzak horrela, ikasleen artean sortzen diren liskarrak direla eta, irakasle askori ezinezkoa zaie klase ematea. Beraz, gehienek amore eman eta ikasleen arazoen aurrean, ezikusiarena egiten dute. Ondorioz, irakasleek klaseak ganoraz ematen ez badituzte, ezinezkoa da ikasleen motibazioa piztea eta horregatik da nagusi gaur egun ere kasu askotan, eskola porrota.

Aurreko guztia kontuan hartuz, alderdi batzuk aldatu direla ikus dezakegu  baita beste batzuk aldatzeke daudela. Zertarako balio du ba baliabide eta aurrerakuntza gehiago izateak klaseak ez badira gogoz ematen eta ikasleak ez badaude motibatuta?


Idazlan hauek Zornotzako Barnetegiko ikasleek (edota irakasleek) sortuak dira. Ortografia eta gramatika akatsak zuzendu ditugun arren, estilo eta formari dagozkionak bere horretan utzi ditugu, ikasleen mailak berezkoak dituelako. Hori esanda, argi gera dadila idazlan hauek guztiek dagokien hizuntza eskakizuneko gutxienekoa betetzen dutela; hau da, dagokien mailarako gai direla.

Begoña Artetxe