Hemen zaude

Posta elektronikoa euskaraz izan dezagun. Horixe gure gaurko gonbita! Zerbitzua oso osorik euskara hutsean edukitzeko aukera dago joan den astetik, eta horren berri eman nahi dizuegu gaur. ni.eus da zerbitzua eskaintzen duena, eta den dena (laguntza, bezero arreta, web interfazea...) euskaraz da. Zerbitzua erabiltzeko aukera bi daude, bata doakoa eta bigarrena premium edo ordainpekoa.

Premium aukeratuz gero, orain arteko hornitzailea edozein duzula ere, ni.eus arduratuko da lehengo postak, edukiak zein domeinu erregistroak helbide berrira ekartzeaz, hau da, kontuen migrazioaz.

Zerbitzua euskaraz izateaz gain, arreta eman digun beste ezaugarri bat ere badu: “Zure datuak, soilik zureak” dira. Beste era batera esanda, goi-mailako segurtasuna bermatzen du eta, aizue, ez du inolako iragarkirik erakusten, ezta norbere postaren analisi estatistikorik egiten. Kontua sortzean, Datu pertsonalak kudeatzeko politika irakurri dugu (bai, beti hala egitea komeni da!), eta bertan irakurri dugu Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean eskatzen diren segurtasun-neurriak baino zorrotzagoak aplikatzen direla, baita zein modutan egiten den ere.

Gehitu horri guztiari betiko gainontzeko zerbitzuak (egutegia etab.) ere badauzkala, eta guri hori guztia nahikoa iruditu zaigu bertan kontua zabaltzeko. Interfazearen koloreen aukeraketa ere... mundiala!!

Gehiago jakiteko hemen duzu lotura: www.ni.eus