Hemen zaude

“Haitzean jaioak, haitzera nahi” esaera zaharrak argi uzten du euskaldunok zer dela eta garen hain mendizaleak. Gure lurra malkartsua da, edonon ikus ditzakegu harriak edo harkaitzak agerian, eta nola ez, muino, tontor eta mendiz inguratuta gaude! Beraz, zer esan dezakegu gure zaletasun sutsua are handiagoa izan dadin? Bada, CodeSyntax-ekoek “Mendiak” aplikazioa hobetu dutela, ezin tentagarriago bihurtuz!

2016an plazaratu zuten APPa mendizaletasuna bultzatzeko helburuarekin. Horretarako, EHko mendi nagusien zerrendak, fitxak eta informazio praktikoa jarri zituzten eskuragai. Gainera, norberak igotako mendiak markatu eta gorde zitezkeen, baita estatistika pertsonalak egin ere. Hori guztia, sortu zenetik egin zitekeena. Aste honetan, ordea, berrikuntza dezente gehitu dizkiote egileek “Mendiak” tresnari.

Hasteko, datu-basea 2000 mendira zabaldu dute, lehen zeudenen informazioa osatuz (argazkiak, kokapena …) eta berriena sartuz. Mendi garrantzitsuenetan, GPX fitxategia erantsi dute, horrela, igotzeko ibilbide nagusiaren Tracka eskura jarrita.

Bigarren hobekuntza, erronkak sartzea izan da, euren artean, adibidez, “igo herrialde bakoitzeko mendi bana” edo “10 mendien lehiaketa”. Gainera, norbere asebetetzeaz gain, proposatzen diren erronkak gainditu ahala, domina sinbolikoak jasotzen ditu erabiltzaileak, beraz Mendizale Federazioak egiten duen antzean, mendi-igoerak saritu egiten ditu APPak, sinbolikoki, hori bai!

Igoeren orrialdeak ere sortu dituzte zaleen artean partekatzeko, ikusteko, ”atsegiteko” eta abar, sare sozialetan egin ohi den antzean; horrek, erabiltzaileen artean lagun mendizaleen sarea osatzea du helburu nagusi, eta, antza denez, bide hori sakonago landu nahi dute hemendik aurrera garatzaileek.  

Bukatzeko, mendilerroen bista ere gehitu dutela aipatu behar. Orain arte, ezin izaten zen ikusi zein mendi zeuden elkarrekin edo elkarren ondoan, orain ordea, mendikateak osorik kontsulta daitezke. Hori bai, azken gehigarri hau webgunean baino ezin da erabili, momentuz behintzat.

Beraz, zaila izango da haitzetara bueltatzen garenontzako tresna erabilgarriagoa, euskaraz dagoena eta doakoa sortzea, ez al duzue uste?

 

 

Informazioa eta irudia: https://www.codesyntax.com/eu/bloga/mendiak-aplikazioa-bertsio-berria-2019