Zenbat aldiz izaten ditugu ingurukoekin tirabirak edo sesioak esandako zerbaitengatik, edo hitzok esan ditugun moduagatik? Norberaren ama hizkuntzan hori kudeatzea sarritan kosta egiten bazaigu, beste hizkuntza batzuetan, zer esanik ez! Beti ez dira haserreak izaten, baina egoera deserosoak izan daitezke tonua eta hitzak behar bezala erabili ezean. Adjektiboak, modalizazioa... hizkuntzek badituzte hori saihesteko tresnak, eta horregatik, euskaraz horretan trebatzeko, aukeratu dugu gaurko Zutani aplikazioa.
Marshall Rosenberg sikologo, bitartekari, idazle eta irakasleak garatutako ‘Komunikazio ez-bortitza’ du oinarrian, eta goian aipatu dugunez, ingurukoekin ahalik eta komunikazio egokiena izateko tresnak dakartza Zutanik, “bizitza on baterako altxor kutxa”, hain zuzen ere.
Hiru ataletan banatuta dago aplikazioa: norbera aurkitzen, komunikazioan trebatzen eta nire bizitza gidatzen. Lehen atalean, sentipen eta egoerei izena ematen ikasten da, batez ere, jokoen bidez. Komunikazioan trebatzen atalean, berriz, esaten duguna eta esateko modua aztertzen eta hobetzen laguntzen du, informazio objektiboa eta subjektiboa bereizten irakatsiz. Bukatzeko, hirugarren zatian, aurrekoetan praktikan jarritako guztiekin egoera errealetan nola jokatuko genukeen landu dezakegu, zertan ari garen jakinda; hau da, esaten edo pentsatzen ari garenari adi. Izan ere, Zutani tresnaren helburua esan nahi duguna minik egin gabe adieraztea eta besteei entzuten ikastea dira.
Trebetasun horiek landu egin behar dira komunikazioa osasuntsua izan dadin, beraz, aurrera! Egin proba eta saiatu!
Aplikazioaren berri iparra.eus orriari esker izan dugu eta Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutakoa da. Beheko estekan aurkituko duzue non jaitsi. https://iparra.eus/zutani/amp/