Udazkena heldu da, lagunok. Aspaldi amaitu dira herrietako jaiak eta udako iluntze gozoak; baina, zer arraio! Euskaldunok elkartzea, otorduak antolatzea eta kantatzea hain gustuko ditugunez, udaren amaierak ez gaitu geldituko, ez horixe! Bazkari, afari eta lagun arteko txangoak antolatzen jarraituko dugu, horrexegatik hau da gure gaurko ekarpen txikia: KANTARI aplikazioa. Izan ere, zer egiten dugu autobusean norabait joateko elkartzen garenean? Eta bazkalosteetan? Afalosteetan? Ba hori, kantatu.
KANTARI ez da atera berria, hala ere, sarritan ahaztu egiten zaigu halakoak eskura ditugula euskaraz, beraz, gogora ekarri nahi izan dizuegu. “Tralara lara…” esaka edo ezpainak mugitzen ibili beharrean, jaitsi doako aplikazioa eta ekin kantuak gogoz abesteari!
Boluntario talde batek egindako 360 abesti daude bilduma honetan, bakoitza bere karaoke-bideoarekin ( badaezpada, inoiz melodia ezagutu ezean, oso lagungarria) , eta edozein abesti aurkitzeko ez da zertan izenburua jakin behar; abestiaren zati bat ezagutuz gero, berdin-berdin aurkitzen baitu. Gainera, pantailan uneoro daukagu letra tamainaz aldatzeko aukera, albokoak ere gurekin batera abestu dezan!
Guk, jada, jaitsi dugu aplikazioa telefonora, eta probak egiten ibili gara klasiko batekin; Anje Duhalderen Eperra kantarekin. Dakizuenez, sagardotegi eta bertso afariak izaten ditugu udan hamabostaldi guztietan, eta neguan ere, ikastaro bakoitzaren bukaeran, afari mundialak egiten ditugu, mozorrotuta. Ederra, beraz, aplikazio honek guri ematen digun aukera, ikasle guztiontzat kantutegiaren fotokopiak ateratzen ibili beharrean!! Animatu, kuxkuxean ibili, eta, batez ere, ABESTU!!