Sarrera honetako gaia Hizkuntzarekin jolasean izeneko egitasmoa izango da. Asmoz fundazioak sortutako unitate didaktiko multzoa da berau eta, helburu nagusia, hizkuntzak ikasteko umorea eta hitz-jokoak oinarri dituen material pedagogikoa egitea izan da. Izan ere, sortzaileen hitzetan, era honetako oso lan tresna gutxi aurki dezakegu eskura dauden aukeren artean.
Proiektua 3 unitate didaktikotan oinarritzen da (Mahai-jolasa, Sare sozialetan eta Txistealdia) eta, batez ere, sormena eta ahozkotasuna lantzen dira jolas, mahai joko, txiste, umorezko jaialdi bat eta beste hainbat pieza sortuta. Taldean lan egiteko materiala da eta berez Lehen hezkuntzako 5 eta 6 mailetan erabiltzeko pentsatuta badago ere, DBHko hasiera mailetan ere erabil daiteke, egileek diotenez. Esan dezakegu, beraz, gaztetxoengana euskara beste modu batean helarazteko helburua ere badagoela proiektuaren baitan, eta hori lortzeko laguntzaile lanetan, sekuentzia didaktiko eta jarduera ezberdinen artean, Kike Amonarriz eta Antton Telleria ere izango dituzte ikasleek. Umorea ez da faltako, hortaz!
Gehienbat, irakasle eta ikasleei zuzendutako materiala bada ere, euskara ikasi eta landu nahi duen edonorentzat ere baditu kontu interesgarriak; hala bada, orrialderako lotura utziko dizuegu hemen, nork bere kabuz, patxadan, aztertu eta baloratu dezazuen.
Espero dugu erabilgarria izatea! Heldu da euskara umorez ikasten hasteko garaia!
Hona lotura: https://hizkuntzarekinjolasean.asmoz.org/