Neguko ikastaroa amaitzeko aste bete baino ez zaigu geratzen eta bukatu baino lehen, tresna erabat erabilgarria ezagut dezazuen nahi dugu. Berez, ez da tresna bat, baizik eta teknologia berriekin lanean aritzen den edonorentzat lagungarri izan daitekeen YouTubeko orri edo kanal bat: BG IKT Taldea.
Zenbatetan bilatu eta erabili behar izan dituzue bideotutorialak arazoren bat konpontzeko? Zerbait egin behar eta nola demontre egiten den, pausuz pausu, jakiteko? Sarritan, suposatzen dugu. Batzuetan, bideo hauek luze samarrak izaten dira eta nahi dugun hori, zehatz-mehatz noiz azalduko zain egoten gara, normalean, interesatzen ez zaigun informazio mordoa entzun eta ikusi bitartean. Zer esanik ez, informazio bera euskaraz bilatu nahi izanez gero. Akabo!
Bada, BG IKT Taldea, Arabako Berritzeguneko IKT aholkularien kanala da, eta, bertan, hainbeste zalantza argitzen dituzten bideoak jartzen dituzte guztion eskura. Ordenagailu edo beste gailuekin lan egin duen edonork izan dituen, eta izaten dituen, zalantzak argitzen dituzte bertan. Adibidez, nola igo daitekeen bideo bat YouTubera (publiko, pribatu ala ezkutatuta) edo nola jarri Office edo Windows euskaraz. Demagun laneko ordenagailuan zure saioa irekita utzi duzula, helbide elektronikoa, zure informazio pribatua, dokumentuak … Dena edozeinen bistan! Horretarako ere, badago tutorial bat, irekita utzitako saioak beste ordenagailu batetik nola itxi daitezkeen azaltzen duena. Ona, ezta?
Askoz zalantza gehiago argitzen dituzten bideo sorta aurkituko duzue bertan, oso iraupen laburrekoak (pare bat minutu, gehienetan) eta galderari zuzen-zuzen eta modu grafiko eta argian erantzuten diotenak. Beraz, ezer gutxi gehitu diezaiokegu esandakoari. Sartu eta kuxkuxeatu, benetan lagungarria da eta!
Hemen duzue lotura: https://www.youtube.com/channel/UC4zo1fJTjsJSYYWY72ItNOw