Hemen zaude

Ahozko azterketarako zenbait gomendio

Azterketa idatzia gainditu duzu eta ahozko adierazpenerako trebetasunak indartu behar dituzu? Aholku batzuk ditugu zuretzat:

AHOZKOA LANTZEKO 2 ASTEKO IKASTAROAK:AHOZKOA LANTZEKO ASTEBURUETAKO IKASTAROAK

Azterketa eguna baino lehen egitekoak

1.- Jendaurrean hitz egin behar dugunean, edozelako azterketa, tesi, hitzaldi eta abarretan, zenbat eta entsegu gehiago egin, orduan eta kontrolatuago izango ditugu bai egoera bera, baita geure burua ere. Lasaiago egongo gara. Beraz,  AHAL BESTE AHOZKO EGIN hemendik eta azterketa egunera arte.

2.- Sarritan esaten dizuegu ahozkoa egiten duzuenean ZEUEN BURUA BIDEOZ GRABATZEKO etxean, zein ikaskideekin. Grabaketak bi helburu betetzen ditu. Batetik, norberak uste duena baino hobeto egiten dela ikustea eta urduritasuna kanpotik ez dela hain nabarmena konturatzea; bestetik, sistematikoak diren akatsak (errepikakorrak) identifikatu eta zuzentzeko aukera ematea. Bideoz ez bada, behintzat, audioak grabatu.

3.- BIRPASATU EGINDAKO AHOZKO GUZTIAK: gaiak, erabilitako ideiak eta lexikoa. Inoiz gairen batekin ez baduzue jakin zer esan edota argudio pobreak erabili badituzue, informazioa bilatu, bete argudioen maleta.

Azterketa egunerako

Ez ahaztu! Heldu garaiz, eta eraman NAN-a identifikatzeko. Horrez gain, 6 gomendio hauek ere lagungarriak izan daitezke.

1.- URA ERAMAN 
Bai, badakigu ura eramateak ez dizuela gainditzen lagunduko agian; baina urduritasunak ahoa lehortzen du eta, aizue!, ur tragoska batek asko lagundu ahal dizue hitz egiten egongo zareten tarte horretan. Ikasleek hala esan digute, beraz… egin kasu!

2.- ONDO PRESTATU
Prestatzeko ematen den denbora fundamentuz erabili. Pentsatu zer eta nola esango duzuen, eta horrekin eskema argia egin. Hitz egiteko txanda heltzen zaizuenean, jarraitu egindako eskema eta, ahal dela,  ez inprobisatu, oso arriskutsua da-eta. Izan ulergarriak, zentzudunak eta argiak. Gogoratu hobe dela ondo erabilitako esaldi arruntagoak erabiltzea, esaldi “marabillosoa” hankaz gora esatea baino!

3.- BERBA EGIN
Isilik geratzea edota ahalik eta gutxien hitz egitea (horrela akats gutxiago egingo duzuelakoan) kalterako izango da. Gainditzeko, hitz egin behar da!

4.- AHOZKOA EZ DA LEHIAKETA
Saiatu azterketa kideari laguntzen eta ez zapaldu haren jarduna. Hau da, elkarren lana errespetatu, batez ere elkarreraginean, eta egon adi zeure jardunari. Ez kezkatu horrenbeste bikotekideak zuk baino hobeto edo txarrago egiten duelako, horrek urduri jartzeko baino ez du balio eta! 

5.- AZTERTZAILEEK GALDERAK EGITEA NORMALA DA
Aztertzaileen jardunaren barruan dago galderak egitearena, beraz, galderaren bat eginez gero, lasai hartu. Zerbait galdetzeak ez du esan nahi txarto egiten ari zarenik, eta azterketari gehiagori ere egingo dizkiote. Lasai erantzun. 

6.- AUTOZUZENKETA
Hankasartzeren bat egin duzula konturatuz gero, trankil, atzera itzuli eta konpondu. Horrela, jakin badakizula erakutsiko duzu. Inor ez da perfektua! Baina, kontuz autozuzenketa gehiegi egitearekin, horrek diskurtsoaren martxa eta erritmoa apur ditzake-eta! Gogoratu jariotasuna eta hizkera naturala mantentzen saiatu behar duzula jardun osoan.


Besterik ez! DOALA ONDO!!

AHOZKOA LANTZEKO 2 ASTEKO IKASTAROAK:AHOZKOA LANTZEKO ASTEBURUETAKO IKASTAROAK