Dakizuenez, COVID-19aren eraginez, barnetegiko ikastaroak online izaten ari dira konfinamendua hasi genuenetik. Bat-bateko egoera horri aurre egin beharrak aldaketa asko ekarri ditu gurera, baina behin baino gehiagotan hemen azaldu dugunez, denon esfortzuari eta interesari esker, lortu dugu aurrera egitea eta ondo erantzun diogu erronkari.
“Normaltasun berri” batera bidean goaz orain, eta horretara egokitzeko eginahaletan, euskaltegi zein barnetegiok berriro ere aurrez aurreko ikastaroak eskaini ahalko ditugu. Zornotzako Barnetegiaren kasuan, UDAKO IKASTAROAK izango dira horretarako lehen aukera, eta horren inguruko informazioa ekarri dizuegu gaur sarrera honetara.
Hasteko, jakinarazi nahi dizuegu uda honetan bi motatako ikastaroak izango ditugula: AURREZ AURRE zein ONLINE. Izan ere, online ikastaroen arrakasta ikusita, eta zerbitzua osatuagoa izan dadin, modalitate hau bere horretan mantentzea erabaki dugu. Horien gaineko zehaztasun gehiago nahi izanez gero, hemen duzue lotura bere garaian idatzitako artikulura: https://www.zornotzakobarnetegia.eus/bloga/barnetegia-barnetegi-baita-birtuala-ere
Aurrez aurreko eskolei dagokienez, denok argi izan behar duguna da COVID-19aren ondorengo errealitatea oso arautua izango dela, datozen hilabeteetan, behintzat. Horrek neurri zorrotzak bete behar izatea ekarriko du eta, guztion pazientzia eta lankidetza ezinbestekoak izango dira prozesu honek arrakasta izango badu.
Hori argi izanda, Barnetegian, urtero bezala, uztailean hasi eta iraila bukatu arte, 12 eguneko 6 ikastaro eskainiko ditugu ( gehiago ikusteko klikatu https://www.zornotzakobarnetegia.eus/ikastaroak/udako-ikastaroak). Orain arte egin izan dugun bezala, pentsio osoan zein erdian egoteko aukera egongo da, beti ere, egoera berriko eskakizunetara egokituta. Osasun Sailak emandako gomendioak jarraituz bai zerbitzuak, bai etxea erabat prestatuta egongo dira behar den bezala erantzuteko. Kontuan izan behar dugu etxea oso handia dela, beraz ikasgela asko ditugula, baita egoteko espazio zabalak ere, bai barruan, bai kanpoan. Gainontzeko beharrezko neurriak ere bermatuta izango ditugu, hala nola, higienea, sarrera eta irteeren kudeatzea eta abar.
Eskolei dagokienez, klase ordu “arruntez” gain, gurean oso garrantzitsuak izan dira beti arratsaldeko ekintza eta txangoak, euskara modu libre eta naturalagoan erabiltzeko beta ematen baitute. Horregatik, mantentzeko ahalegin handia egingo dugu, ahal den neurrian eta ekintzak moldatuta. Ibilaldiak egingo ditugu gure inguruko parajeak ezagutu ahal izateko, dantza zein bestelako tailerrak ere mantentzen saiatuko gara. Areto Nagusia zein kalea aprobetxatuko ditugu hitzaldiak, bertso-saioak, kontzertu zein ikuskizunekin gozatzeko.. Eskaintza erakargarria izango da!
Gure helburua beti eta 24 orduz euskaraz bizitzea da, eta egin egingo dugu! Irudimenaz baliatuko gara, erronka berri honi gogotsu ekingo diogu eta denon artean lortuko dugu. Egoera berri honi erantzungo diogu eta daukan alde onena aterako diogu. Gauza berriak eraikitzeko aukera ezin hobea dugu aurrean, eta gogoan izan honelako egoeretatik ateratzen direla esperientzia politenak.
Online edo aurrez aurre, GU HEMEN GAUDE!! ERDU!!
Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 946308304 zenbakira edo idatzi info@zornotzakobarnetegia.eus helbidera.