Hemen zaude

Udako egun lasaiak hortxe bertan ditugu, eta atseden hartzeko garai ezin hobea izango dugu, bai lanetik, bai konfinamendutik, bai azterketa eta ikasketetatik urrunduta. Dakizuenez gure etxea zabalik egongo da bertara etorri nahi duzuenontzat, eta horrez gain, modu telematikoan ere ibiliko gara, online ikastaroekin. Badago, beraz, non aukeratu uda lasai eta euskaraz bizi nahi izanez gero!

Horren inguruko sarrera idatzi genuen duela egun batzuk blog honetan, eta informazio zabala duzue berton. Gaur, ordea, udarako joko gomendio bat ekarri nahi izan dugu hona, euskararekin lortutako harremana mantendu dezazuen modu erraz eta dibertigarrian: Azkue Fundazioak sortu eta plazaratu duen Jakina Euskal tribiala online.

Baliteke Jakina jokoari buruz zerbait irakurri edo entzun izana, aukera ederra baita Euskal Herriaren inguruko galde-erantzunekin tarte ederra pasatzeko; gainera, interneten bidez jokatzeko euskaraz dagoen mota honetako lehena da. Zortzi arlotako galderak daude bertan; euskara eta literatura, kirola eta aisialdia, zientzia eta teknologia, geografia eta historia, kultura eta artea, zinema eta ikuskizunak, gizartea eta ohiturak, eta musika eta dantza. Sail bakoitzaren barruan, galderak maila ezberdinetan banatuta daude, eta asmatu ahala, puntuak lortzen ditu jokalariak. Egunean Behin joko arrakastatsuaren antzean, erlojuaren kontra aritu behar da, eta puntuazioa horren araberakoa ere izango da. Taldean jolasteko aukera badagoen arren, horretarako ordenagailurako bertsioa erabili behar da, telefonotik ezin da-eta.

Honen guztiaren berri www.iparra.eus webgunearen bitartez izan dugu. Behin baino gehiagotan aipatu dugu orri hau gurean, izan ere, euskarazko aplikazioei zein beste hainbat edukiri buruzko informazio eguneratu zein interesgarria aurki daiteke bertan. Jakina jokoarekin zein iparra.eus-en topatuko dituzuen beste aukerekin izango duzue euskaraz gozatzeko beta, eta gosez geratuz gero, badakizue...

#GuHemenGaude!