Hemen zaude

Badira 3 aste berrogeialdia hasi genuenetik, eta bai gu bai zuetako asko online ari gara gure zerbitzuak eskaintzen. Lana modu birtualean egin ahal izateko (egin daitekeen kasuetan) tresna eta baliabide ugariren berri izan dugu egunotan. Hezkuntzan eta irakaskuntzan ari garenok, ikasle edo irakasle izan, elkarrekin harremana ez eteteko eta edukiak zein beste edozer partekatu ahal izateko bide berrietara egokitu behar izan dugu, eta joan den asteko blog sarreran azaldu genizuen nola egiten dugun hori guztia gurean. Gaur, pare bat tresna aipatu nahi dizkizuegu erabilgarri izango dituzuelakoan. Bata, aspalditik gure artean dugun Blogak.eus plataforma, eta bestea, barruan sortu berri den Ikasbloga zerbitzu berria; biak ala biak une hauetan erabiltzeko aproposak. EguneanBehin jokoa ezagutzen duzue, ezta? Inongo zalantzarik gabe aspaldian euskaldunon artean arrakasta gehien izan duen euskal aplikazioa da berau, eta CodeSyntax enpresa da sortzailea. Bada, talde berak sortu zuen duela ia 15 urte Blogak.eus plataforma edo blog-komunitatea. Izenak berak nahiko argi uzten duenez, blogak sortzea ahalbidetzen du, baina, eta hauxe da guretzat interesgarria, erraz, EUSKARAZ eta doan. Sortzaileen hitzetan, hasiera hasieratik euskal internautok edukia sortzea izan zuen helburu proiektuak, hori bai, bakoitzak bere zaletasun eta premien arabera. Bada, plataforma honetan bertan, eta Eusko Jaurlaritzaren IKT dirulaguntza bati esker, CodeSyntaxek Ikasblogak sortu berri du: irakasle zein ikasleei bideratutako zerbitzua. Ikasblogak tresnak Blogak.eus komunitatearen aipaturiko ezaugarriez gain, 3 bereizgarri ere baditu: ikastetxearen eta ikasgelaren araberako antolakuntza, izen-emate eta identifikazio-sistema berria, eta, azkenik, irakasleentzat kudeaketa aurreratua; hau da, irakasle rol berria, blogari bati baino erabilera aukera zabalagoa duena. Beraz, irakasle zaretenok baduzue hemendik aurrera Ikasblog tresna berria, zuen lana errazteko baliagarria, eta gainontzekoek egunotan dugun egoerari aurre egiteko, zergatik ez, blogari bihurtu eta komunitatea zabaltzen joateko aukera! Erabili!!