Hemen zaude

Euskaltegien sareak antolatutako “Zatoz euskaltegira!” kanpainaren barruan, gaur, irailaren 26an, hirugarren agerraldi publikoa egin da. Aurreko bietan bezala, Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan batu dira eragile asko eta euskara ikasteko eta euskaltegietan izena ematera deia zabaldu dute.

Ekitaldian euskaltegien sareak, eta euskalgintzako eta alderdi politikoen ordezkariak izan dira, eta baita kirolariak edo kultura arloko ordezkariak ere. Besteak beste, Jose Angel Iribar, Rafa Rueda, Toti Martinez de Lezea, Maider Unda, Alex Txikon, Mikel Losada, Galder Perez, Mertxe Mugika, Ordizia Errugbi taldeko jokalariak, Lorea Bilbao, Josu Larrea, Lourdes Auzmendi, Alfonso Gil, Pili Robles, Jon Salaberria, Beatriz Marcos, Paul Bilbao, Asier Muniategi eta Mikel Irizar izan dira.

Guztion izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu du hitza, eta euskara eta euskal kultura ezagutzeko deitu du. Besteren artean, arrazoi honengatik: "Hizkuntza baten inguruak ezagutzea horixe baita, hain zuzen ere, berak eramaten duen ikuskera horren jabea egitea. Irribarre zein negar, neke eta pozak, haserre eta adiskidantzak, alaitasuna eta tristura… labur esanda, giza seme-alaba orori dagozkion sentimenduak eta horiek ere zure hizkuntzan, zure inguruko hizkuntzan, hur-hurrekoz duzun horretan jasoko dituzu. Halakoak nork bere hizkuntzan adieraztea liluragarria eta xarmangarria ere bada. Ikasi eta erabili, erabiliz ikasi, erabiltzeko ikasi... Horretan ditugu bidegile eta bidaide euskaltegiak".

(euskaltzaindia.net)