Hemen zaude

HEOC

Duela gutxi oso kontu ezezaguna izan arren, edonon ere, gero eta gehiago aipatzen da euskara C2 maila. Horrek, ordea, ez du esan nahi horren gaineko askorik edo nahikorik dakigunik; horrenbestez, ezertan hasi orduko, komeni da maila zein ikastaroaren gaineko nondik norako batzuk argitzea.

Horren ezagunak diren aurreko mailek —A1, A2, B1, B2, C1— ondo dakigu zer osatzen duten: euskalduntze prozesua; eta beharbada izenak horretarako bidea ematen duelako, askok eta askok uste dute C2 prozesuaren hurrengo urratsa dela; baina oker dabiltza; neurri batean, behintzat. Izan ere, C1era arte erabiltzaile gaituaren maila (euskalduntze prozesua bukatutzat ematen den horretan) lortzen den bitartean, C2n, erabiltzaile aditu-maila da helburua. Beraz, kontuan hartuta ikaslegaiak C1 mailaren agiria edo baliokidea izan behar duela, hau da, arautegia ondo ezagutzen duela, euskara adituaren roletik edozein testuingurutan, EDOZEINETAN, egoki erabiltzen trebatzean datza bidea; bestela esanda, C2 maila lortzeko ikastaroa.

700 orduk osatzen duten honetan, lau trebetasunak landuko dira etengabe: hartzaileak (ulertu beharrekoak: irakurmena eta entzumena) eta ekoizleak (sortu beharrekoak: idazmena eta mintzamena). Eta, horretarako, testua izango da lanabesa; testua bera, oinarria eduki guztiak ekintza komunikatiboaren baitan identifikatu eta lantzeko. Edukiak, zehatzago, estrategiak dira; testuingurura egokitzeko hautatu edota baztertu beharreko estrategiak, alegia. Testuaren azpiegitura (plan orokorra, sekuentziak eta interaktibotasuna) lantzeaz batera, hortaz, testualizatze (konexioa, izen- eta aditz-kohesioa) eta ardura enuntziatiboaren (ahots enuntziatzaileak eta modalizazioa) mekanismoak egoki baliatzen ikasiko du C2ko ikasleak.

Zer landu badago, eta eskolan eman beharreko 200 ikastorduak, printzipioz, ez dira nahiko C1etik C2rako jauzia egiteko; bestela esanda, adituaren roletik edozein testuingurutan ondo moldatzeko. Hori dela-eta, HABEk, batez beste, 500 ikastordu aurreikusten ditu prozesua osatzeko, ikasleak bere kabuz eman behar dituenak. Irakasleak klaseratutako testu-ereduak abagunea izango dira estrategia-identifikaziorako eta horren gaineko talde-hausnaketarako; norberaren arlokoak, ordea, norberaren esparruaren gainekoak, norberak bilatu, aztertu, sailkatu eta sortu beharko ditu, aditu horrek egiten gaitu-eta.

Ez da bide samurra (ikastaroaz eta, beraz, deialdi itxiaz ari gara), baina ekinak, 700 orduko ekinak, 700 orduko testugintza-trebakuntzak, 700 orduko jardunak, akreditaziorako giltza den C2 mailaren aitorpena izaten du, gehienetan, emaitza; horixe da azterketarako sarrera. Hain zuzen, arestian aipatutako trebetasunek, ikasturtean behin eta berriz landutakoek, osatzen dute azterketa: hartzaileak zentroan bertan neurtuko dira eta, horiek gaindituz gero, ekoizleak, HABEk horretarako zehazten duen lekuan.

Azken pausua C2 maila aitortzen duen titulua eskuratzea da; alegia, hauxe egiaztatzen duena: “Maila hau burutzean ikaslea gai izango da norbere espezialitateko, nahiz gai orokorretako testuak ulertzeko, eta egoerari egokituz, zuzen eta zehatz, arrakastaz ekoizteko. Gai izango da, jariotasun handiz eta zehaztasunez, gauzak adierazteko, baita konplexutasun handiko egoeretan esanahiaren ñabardura txikiak bereizteko ere.”