Hemen zaude

Normala da, gaur egun —ezin normalagoa, hobeto esanda—, telefonoa aplikazioz beteta izatea. Hori dela-eta, normalizaziorako bidean, ezinbestekoa da —ezin ezinbestekoagoa, hobeto esanda— gure normaltasun horretan euskara sartzea; hau da, gure telefonoa ere euskaraz jostea. 

Euskara, jakina, horretan ere ez da atzean geratu, eta hamaika dira euskaraz sortutako aplikazioak. Ez dio axola zein motatakoak ditugun gustuko; izan ere, denetarik dago gaur egun sarean eta, nola ez, edozein sistema operatibotarako. Hainbat eta hainbat aukera dugu eskura: jaiak, Gabonak, euskal kantak, geografia, komikiak, albisteak, ekonomia, bidaiak, harremanak… 

Zuk zeren gaineko app-a izan nahi duzu zure pantailatxoan? Ba horrelakorik ere izango da aukeran; are gehiago, seguru asko, bat baino gehiago. Zelan jakin hori? Ba, zorionez, badago horretan ere pentsatu duenik eta, euskaldunoi bilaketa erraztu guran, euskalapps web gunea sortu duenik. 

Ez da azalpen handirik eman behar euskalapps zer den ulertzeko, izenak berak nahiko adierazten du-eta; hala ere, labur esanda bada ere, horrela definituko genuke guk: euskal aplikazioen direktorioa dugu gunea. Eta jakin beharreko gainontzekoa  ez dugu azalduko, onena sartu eta norberak arakatzea baita.