Hemen zaude

Gurasoei begira, eta euskararen transmisioa bermatzeko asmoz, "Tansmisioa gure esku. Gurasoei begira" izeneko kanpaina aurkeztu zen atzo, irailaren 11n, Euskaltzaindiaren egoitzan. Euskaltegietako eta hezkuntza arloko eragile asko izan ziren bertan eta gu ere, nola ez, han izan ginen.

Gurasoei "euskararen transmisioa bermatzera" dei egin diete euskaltegiek

Hezkuntzako eragileek, HABEk, Eusko Jaurlaritzak eta euskaltegiek agerraldia egin dute. Transmisioa gure esku dago kanpaina prestatu dute, gurasoak euskaraz ikastera animatzeko.

Transmisioa gure esku dago lelopean, euskararen aldeko hainbat eragilek deialdi bateratua egin dute gurasoak euskaltegietara hurbil daitezen, ume eta helduen artean euskararen transmisioa bermatzeko.

Ekitaldia Bilbon egin dute, Euskaltzaindiaren egoitzan, eta euskaltegi pribatu zein publikoetako ordezkariak, hezkuntza eragileak, Joseba Erkizia Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko zuzendaria eta Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea bildu dira.

Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzailearen arabera, “azken hamarkadan 60.000 hiztun baino gehiago” irabazi ditu euskarak, helduen transmisioari eta hezkuntza sistemari esker. Dena den, “euskaltegien lanarekin, datozen urteetan 60.000 hiztun baino gehiago” irabazi daitezkeela uste du.

Euskarak gizartearekiko daukan menpekotasunaz eta taldeak transmisioaren lorpenean duen garrantziaz hitz egin du Aurrekoetxeak: “Herritarren bi herenek euskaraz ikasi dute eskolan, baina heren batek soilik erabiltzen du egunerokotasunean. Nahiz eta gehiago erabili beharko luketen, eskola da euskaraz gehien egiten duten lekua. Nagusion laguntza behar dute”. Hori dela eta, euskaraz dakitenei euskaraz gehiago egiteko eskatzeaz gain, euskara erabiltzen ez dutenei eta ez dakitenei euskaltegietan izena emateko deia egin die.

Berria, 2013/09/12

http://www.youtube.com/watch?v=EnL4Am_Vg10