Hemen zaude

Entzun, seguru entzun duzuela; baina ezagutzen duzue Telegram berehalako mezularitza aplikazioa? Badakizue zeintzuk diren bere alde onak? Jakin duzue dagoeneko 10.000 erabiltzailek baino gehiagok deskargatu duela euskaraz.

Ezaugarri batzuk dira Telegram aplikazioa berezi egiten dutenak; batzuk pisu handiagokoak beste batzuk baino, baina, denak ere, oso erakargarriak. Deskribapenarekin hasteko, esango dugu doako eta publizitate gabekoa izateaz gain, Telegram nahiko aplikazio segurua dela. Izan ere, zifratze sistemak erabiltzen ditu, eta, beraz, txatak eta mezuak ere zifratutakoak dira; hau da, sekretuak. Segurtasunarekin lotuta, beste kontu bat ere aipatu behar dugu, hain zuzen ere, autosuntsiketa edota aldi baterako txat sistema. Nolabait esatearren, txatei iraungitze data egokituz gero, zehaztutako momentua heltzean, txata suntsitu egingo da.

Taldeei dagokienez ere badago zer esan. Talde bakoitzean 200 partaide sartu ahal dira. Egia da 200 lagun, lagun gehiegi direla talde baterako, baina osatzeko orduan mugarik ez izateak nahiko zabaltzen du aukera. Azpimarratzekoa da, modu berean, 1GB-eko kapazitateko artxiboak trukatu ahal direla; adibidez, egunerokotasunean erabiltzen diren dokumentu handiak. Oso erabilgarriak azken hauek.

Aurretik esandako guztia oso interesgarria bada ere, guri gehien gustatzen zaiguna zera da, Telegram Software librean egindako aplikazioa dela. Horrek esan nahi du aplikazioa banatzeaz batera, iturburu kodea ere banatzen dela, eta, ondorioz, dakienak_nahi izanez gero_ Telegram hobetu ahal duela. Hori dela eta, Bitarlan enpresak zein Gauekoek egindako elkarlanari esker, euskarazko bertsioa eskuratu ahal dugu, momentuz behin-behinekoa izan arren.

Ikus dezagun, ondoren,_behin betiko bertsioa argitaratu arte_ euskarazko bertsioa zelan deskargatu:

Lehenengo eta behin, aplikazio ofiziala instalatuta izanez gero,desinstalatu egin behar da, eta, hori behin eginda, zerotik hasiko dugu instalazioa.

Iturburu ezezagunetako aplikazioak instalatu ahal izateko, telefonoa gaitu egin behar dugu, eta hauek dira horretarako eman beharreko pausuak:

  • Ezarpenak ----> Segurtasuna ----> Iturri ezezagunak baimendu

Deskarga bitarlan.net webgunearen bitartez egingo dugu. Ohikoa den bezala, baimen batzuk onartu ostean, instalatzeko aukera luzatuko zaigu. Baimendu eta berehala izango dugu telefonoan Telegrameko behin-behineko euskarazko bertsioa.

Ikusten duzuenez, gutxi eginda eta ezeren truke, asko da lortu ahal duguna. Besteak beste, eta garrantzitsuena, euskarari teknologia berrietan bultzadatxoa emango diogu.

Anima zaitezte eta “telegrameatu” euskaraz!!!