Hemen zaude

Pasa den otsailaren 2an, Garabide Elkarteak, batetik, eta, bestetik, Aurten Bai Fundazioak akordioa sinatu zuten 2018an bi erakundeek ekarpena egiteko herri maputxearen mapuzugun hizkuntzaren biziberritze-prozesuari, euskararen berreskurapen-esperientzian oinarrituta duten ezagutzaz baliatuta. 

Garabide Elkarteak urteak daramatza garapenerako euskal lankidetzaren barruan kooperazio ildo berria lantzen; hau da, garapen-bidean dauden herrietako hizkuntza normalizatzeko egitasmoak sustatzen.

Aurten Bai Fundazioak, bere aldetik, irabazteko asmorik gabeko fundazioa da, eta beste eginkizun eta helburuen artean, Zornotzako Barnetegiko gestioaz arduratzen da eta euskal kultura babestu eta euskararen normalizazioa ditu helburu.

Testu inguru honetan, Aurten Bai Fundazioak eta Garabide Kultur elkarteak hitzarmena sinatu dute Mapuzuguletuaiñ elkarte maputxeak abian duen barnetegi dinamika indartzeko, aholkularitza eta prestakuntza eskaintzeko. Horretarako,  elkarte horretarako helduen irakasleei barnetegiak antolatzeko metodologiari eta planifikazioari buruzko aholkularitza eta prestakuntza emango diete. 

Helburua lortzeko, bi ekimen daude aurreikusita; lehenengoa, Zornotzako Barnetegiko aditu batek eta Garabideko ordezkari batek Wallmapura lankidetza-bidaia egingo dute, han otsailaren 11tik 22ra gauzatuko den barnetegian parte hartu, eta, bizi izandakoan oinarrituta, irakasleei metodologia eta planifikazio arloan hobekuntza-gakoak eskaintzeko formazioa emango diete; bigarrena, helduen irakaskuntzan diharduten bi edo hiru irakasle maputxe Zornotzako Barnetegira udako barnetegi batera ekarriko dituzte, jaso duten prestakuntza bizipen eta esperientzia errealarekin osa dezaten.