Hemen zaude

Hasi baino ez, MILA ESKER! Mila esker, Kontseilua, Bai Euskarari eta Behatokia, euskararen normalizaziorako emandako urratsagatik. Itzela da, benetan, Baduzu egitasmoa; aprobetxatu eta, jakina, zabaldu beharrekoa; zabal dezagun, ba!

Irakurle hori, beharbada entzun edota irakurriko zenuen zerbait Baduzu proiektuaz azken egunotan. Eta? Badakizu zer den? Ea! Hitz gutxitan esanda, euskaraz bizi nahi dugunoi euskaraz saldu eta erosteko aukera ematen digun tresna da. Bai , laguntxo! Sarea ehuntzea da asmoa; hau da, kontsumitzaile euskaldunok harremanetan jartzea. 

Datu interesgarria: 4000 establezimendu baino gehiago dago sailkatuta, sarean, euskara maila irizpide. Eta ezetz zeuk ezagutzen dituzun guztiak egon! Erregistratu eta parte hartu: establezimenduak baloratu edota gehitu, foroan esperientziak partekatu eta, kontsumitzeko orduan ere, izan euskara irizpide. 

Beharbada, pentsatzen dugun baino establezimendu gehiagok bermatzen ditu gure eskubideak; beharbada, kontsumitzaile euskaldun gehiago dago establezimenduetako langileek pentsatzen dutena baino. Baina usteak erdi ustel, beraz, utzi horretan pentsatzeari! 

Zeuk ere kalitatea baloratzen baduzu, baduzu Baduzu! Errazago inoiz ez dugu izan: euskararen mesederako, deskargatu aplikazioa eta hasi sarea handitzen!