Hemen zaude

“Teknologia berriez baliatuz, zer egin ahal dut euskara nire egunerokoan sartzeko?” Esan daiteke ia egunero jasotzen dugun galdera dela.

Bai, bizi garen garaian, ikasleek interes handia dute horretan, eta, egia esan, guri ere oso interesgarria iruditzen zaigu. Hori dela—eta, saiatzen gara ahalik eta baliabide erakargarrienak aholkatzen. Badago, ordea, gure aldean asko dakiena horretaz, eta gaurko “gure pilula” (berak dioen moduan) bere lanari eskaini nahi diogu. Maite Goñi irakasleaz ari gara; hain zuzen ere, Gureaz Blai irratsaioan egiten duen beharraz.

Gureaz Blai astearteetan 13:05ean, Info 7 irratian ematen duten saioa da. Horretan, Nekane Zinkunegik eta Ainhoa Lasak euskara dute ardatz jorratzen duten gai orotan. Oso gomendagarria, beraz, euskara ikasten zabiltzatenontzat. Hala ere, zehatzagoak izan nahi dugu; hau da, saioaren barruan, Goñi andreak egiten duen Egin kontu! aholkatu nahi dizuegu. Izan ere, euskaraz ikasteko, praktikatzeko, hobetzeko eta aberasteko baliabide teknologikoak eskaintzea du helburu 5 minutuko tartetxoak edota pilulak. Bost minutuko horietan, oso eduki baliagarriak agertzen dira. Jakina, guzti-guztiak ezin dira guzti-guztion gustukoak izan, baina, hain aukera ezberdinak daudenez _hiztegia, kultura, kantak, zuzentzailea, literatura …_, erraza da neurriko zerbait topatzea.

Eta gainetik bada ere, horixe da Maite Goñiren Egin kontu! eta horixe beraxe guk errezetatu nahi dizueguna.