Hemen zaude

Aste Santua dator, eta zuetariko asko kanpora joango zarete; beste asko, berriz, herria zaintzen geratuko zarete. Hala ere, gehienok gauza bat dugu komunean: tarte ezin hobea izaten dugu jai egunek osatutakoa irakurtzeko. Horrela da, ezta? Batzuetan, baina, denbora gehiegi galtzen dugu liburua aukeratzen! Beraz, horrelakorik ez gertatzeko, hiru proposamen egin nahi dugu gaurko honetan: gaur egungo hiru eleberri, gaur egungo hiru emakumek idatzitakoak.

Izenburuak ondo adierazten duen bezala, Alaine Agirrek amari idatzitako eleberria da Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama. Familia, gaixotasuna, haurtzaroa, amatasuna…edo ez… Aurrekoa, kohesiorik gabeko hitz zerrenda izan arren, intentsitate handiko sekuentzia da; nahikoa ziurtatzeko emozioz betetako istorioa dena.

Kattalin Minerrek idatzitako honetan ikusten dugun lehenengo gauza portada da; eta behin ikusita, gutxi gehiago behar da liburua irakurtzeko gogoa pizteko. Hori da hori asmatzea! Pertsonaien artean arrainik ez badago ere, badago kafe-kikara batean igerian dagoen arrain horren moduan sentitzen denik. Hausnarketara bideratzen gaituen eleberri arina.

Danele Sarriugartek argitaratutako bigarren liburua gomendatu orduko, eleberriari lotutako teaserra ikusteko eskatuko dizuegu. Hartu 2 minutu eskas! Eta orain, ikusi ostean, zer gehitu, bada, jakin-mina areagotzeko? Galdera bat bururatzen zaigu: artearen munduan, porrota edota arrakasta, itxurari lotuta ote?

Gure proposamenak horiek dira; beste gomendiorik?