Hemen zaude

Euskarazko Wikipedia! Jaio zela 16 urte bete badira ere, inoiz baino osasuntsuago dabil auzolanak sortutako entziklopedia: dagoeneko, APPa ere euskaraz!

Den-denok argi dugun legez, Wikipedia da gaur egun mundu mailan gehien erabiltzen den informazio azkarrerako iturria. Jakina, euskaldunok ere zenbat gura erabiltzen dugu, gutxienez, bat-bateko zalantzak argitzeko; eta hortik, gora!

Datu moduan, entziklopedia ia 300 hizkuntzatan dago eskuragarri. Hala ere, boluntarioek egindako lanari esker, azken 16 urteotan, euskara dugunok gero eta gutxiagotan jo behar izaten dugu beste hizkuntzetara gure bilaketetan; izan ere, 280.000tik gorako artikulu-sorta dugu gurean. Bestela esanda, 31.postuan dago euskara Wikipedian.

Oso kokapen esanguratsua, benetan, horrelako nazioarteko tresna batean; baina Euskal Wikilarien Kultur Elkartekoek buru belarri jarraitzen eta jarraituko dute hobetzearren, hau da, euskaldunoi ahalik eta ezagutza gehien euskaraz eskura jartzearren.

Eta bide honetan, giltzarria da, besteak beste, kultur elkarteak  duela hilabete batzuk Azkue Fundazioarekin sinatutako hitzarmena. Tandem ezin hobea, ezbairik ez, Euskarazko Wikipediari bultzada emateko.

Argi dago, erabiltzaile maiteok, egitasmo honen atzean dauden guzti-guztiek aitortza merezi dutena, hortaz, pare bat keinu proposatzera gatoz: alde batetik, ikusi akordioa zertan datzan, beharbada zeuk ere baduzu zer gehitu-eta; bestetik, deskargatu aplikazioa eta sartu entziklopedia patrikan.