Hemen zaude

Euskaraz diren blogei buruz aritu gara hemen noiz edo noiz, baina euskaraz izateaz gain, euskara hobetzeko espresuki sortu diren blogei buruz? Horiek gutxiago izaten direnez, gaur, euretako bat aukeratu dugu zuek ezagutu dezazuen: Euskaraz kontrolatuz bloga.

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak euskaraz trebatzen urteak daramatzan gure lankide batek sortua da, eta, esan behar dugu benetan lagungarria izan daitekeela bai bertako langile/ikasleentzat baita handik kanpo euskaraz jarduten duen edonorentzat ere. Izan ere, orain azalduko dugun moduan, hainbat lanpostutan erabilgarriak diren kontuak aurki daitezke bertan. Ez hori bakarrik, ordea! Hainbestetan izaten ditugun zalantza edota egiten ditugun akats ohikoenak ere bertan aurki baititzakegu!

Hemen aukeratu ditugunak adibide batzuk baino ez dira, zuek azaletik apur bat ezagutu dezazuen.

Zenbat aldiz egin duzue zalantza datak eta orduak idatzi edo esan behar izan dituzuenean? Erderakadekin ere zenbat buruhauste! Nola esaten da “depende” euskaraz? Eta “según”? Bai, ezta? Ziur gaude zalantza hauek, edo antzekoak, behin baino gehiagotan izan dituzuela. Bada, duda hauek ere bertan argitu ahal dituzue. Eta betiko akatsak? Ba al dago ezer hoberik betiko akatsak zuzentzeko komiki edo irudien bitartez egitea baino? Umore puntua baldin badute, hobeto, gainera! Begira!

 

Hori guztia bertan izateaz gain, hainbat lanpostu edo lan-arlotan beharrezkoak diren hiztegietarako sarrerak ere badaude, hala nola, erizaintza, arkitektura, gizarte zerbitzu edota zuzenbidekoak. Azken publikazioak, berriz, itzulpen-tekniken ingurukoak dira, beraz, esan dezakegu, orotariko informazioa topatu ahal dugula bertan, edonori eta edozein arlotan baliagarri izan ahal zaiona.

 

Gehiago sakontzeko, hemen duzue zuzeneko esteka: www.euskarazkontrolatuz.blogspot.com