Hemen zaude

Aste honetako kanpo ekintzen artean, Gernikako Euskal Herria museorako txangoa izan dugu. Hainbat ikasle animatu da eta denei ere hainbeste gustatu zaie. Hori dela-eta, erabaki dugu gure blogetik zuok guztiok museoa bisitatzera animatzea! 

Ikus dezagun, ba, zer ikusi genuen Alegria jauregian, solairuz solairu!

  • Beheko solairuan, hainbat kontu ikus daiteke.  Hasteko, jauregiaren historia: noiz eraiki zen, nortzuena izan den, estiloa, zertarako erabili izan den…  Hori behin jakinda, etxetik irten eta eremura zabaltzen da bisita; hain zuzen ere, zera kontatzen digute: lehenengo euskaldunak noiz heldu ziren eremu horretara, eta zelako eboluzioa bizi izan zuten Santimamiñetik elizateen sorrerara. Euskal Herriko lehenengo mapak ikustea ere badago; baita baserri mota ezberdinetako eraikuntza erakusten duten maketak ere.
  • Lehenengo solairua ezin izan genuen ikusi, konponketa-lanak egiten ari dira-eta. Baina tira, aitzakia ezin hobea bueltatzeko!
  • Bigarren solairuan, gure kultura da nagusi, eta arlo ezberdinetako euskal ohiturak erakusten dira: gastronomia, herri- kirola, dantza, erlijioa, etxeko tresnak...
  • Hirugarrenean, aldi baterako erakusketak daude; une honetan, Euskal Herriko beirateak daude ikusgai.

Ikusten duzue zenbat gauza ikusi eta ikasi ahal duzuen 3 euro baino ez ordainduta? Euskalduna izanda, badira gauza batzuk bai ala bai jakin behar direnak, ezta? Ba, baduzue plana! Aste barruan edota larunbatean  joan nahi baduzue, 10etatik 14etara eta 16etatik 19etara zabalik duzue. Igandea nahigo baduzue, 10:30etik 14:30era joan beharko duzue.

Eta gure aldetik, ezer gutxi gehiago! Orain, zuon txanda da!