Hemen zaude

"Gure lurraldea ez da ohiko lurralde bat. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino zabaltzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara da bere ardatza". Horrela aurkeztu zuen Nerea Mujikak, Geredia Elkarteko presidenteak, 52.Durangoko Azoka, duela 52 egun. Eta Konturatu orduko, 24 ordu baino gutxiago falta dira Sormenaren Lurraldea DA! lelopean ateak zabaltzeko.

Abenduaren 6tik 10era, sormenaren lurraldearen erakusleiho bihurtuko da Durango, eta horretaz konturatzeko, egitaraua begiratu besterik ez da egin behar: 200 bat kultur ekitaldi! Denak ikustea ezinezkoa bada ere, gustukoenak aukeratuz gero, badugu plan ona!

Horretaz gain, nobedadez beteta datorkigu 52.edizioa; hain zuzen ere, 400 lan berri aurkeztuko dira datozen egunetan. Ezin liteke, hortaz, esku hutsik etxera bueltatu, ezta? Olentzero eta lagun ezkutuak ailegatzear dauden honetan, aitzakia ezin hobea dugu gure kulturan sosak gastatzeko.

Milaka pertsona mugituko ditu, urtero bezala, euskal kulturak; hunkigarria pentsatze hutsa, ezta? Anima zaitezte kulturaz gozatzera!

Han elkartuko garelakoan!