Hemen zaude

Ailegatu da telefonoetara nerabeentzako komunikabide iraultzailea. Zer esan nahi duen horrek? Ba hemendik aurrera euskararen presentzia nabarmen areagotuko dela gazteen egunerokotasunean. Gaztezulok sortutako komunikabidea dugu Beitu!, eta erabilitako osagaiak arrakastarako bermea izan daitezke.

Lehenengo eta behin, azpimarratu behar da dohainik dela. Hilabetekaria telefonoan jaso nahi dutenek erregistratu besterik ez dute egin behar: e-posta, telefonoa, herria eta jaiotze-data; horiek dira eman beharreko datuak. Kontuan hartzeko moduko bigarren ezaugarria jasotzeko era da. Beitu! ez da aplikazio bat; hau da, ez dio lekurik kentzen telefonoaren memoriari. Euren WatsAppean jasoko dituzte gazteek edukiak. Eta hirugarrenez, edukiak aipatuko ditugu; ikus-entzunezko formatua nagusituko da edukien artean, eta hartzaileak nerabeak izanda, eduki ikusgarriak, bat-batekoak, dinamikoak eta euren gustuetara egokitutakoak izango dira. Ez al da izango arrakastatsua? Bai ala bai izan behar!

Gazteak eurak ere egongo dira kolaboratzaileen artean. Are gehiago, talentudun edozein gazte izan liteke Beitu!-ko kolaboratzaile, horretarako lehiaketa martxan dago-eta. Talentua edozertan izanda ere, erakusten duen bideoa grabatu eta beitu@gaztezulo.eus helbidera bidali; horiexek dira lehiaketan parte hartzeko eman beharreko pausuak.

Ez duzue neraberik inguruan? Bada, emaiezue Beitu!-ren berri.

Zabal dezagun euskara!