Hemen zaude

Badator aurtengo Hitzez eta ahotsez ekimenaren jende aurreko ekitaldia, eta iaz bizi izandakoa kontuan hartuta, Zornotzako Barnetegia atzera joango da, aurten ere, Durangora irakurraldian parte hartzera.

Berez, horixe izango da 4.edizio honetako azken ekintza, baina otsailean hasitako bidaiaz ari gara; eta bidaia diogu, besteak beste, aurtengorako aukeratutako gai delako. Hitzaldi zein solasaldiez jositako hilabeteak izan dira aurrekook; eta zalantza barik, galtzak bete lan ibiliko ziren antolaketan dabiltzan lan-taldekoak, beraz, gure txalo beroa merezi dutelakoan, TXALO BERO BAT! Mila esker euskal literaturari egiten diozuen keinuagatik, eta mila esker, jakina, parte hartzeko aukera eskaintzearren. 

Eta aurrekoa esanda, zabal dezagun, ba, datorren ostiralerako, maiatzaren 5erako, jakin beharreko informazioa: Durangoko Plateruenean izango da 6 orduko ekitaldia, hain zuzen ere, 18etan hasi eta 24etara arte luzatuko da; eta epe horretan, narrazio, bertso, poema, kantu, dantza, antzerki edota musikaz gozatzeko abagunea izango dugu.

Ikusten duzuenez, plan ezin hobea ostiral arrastirako. Gu geu, bagoaz; bidaian elkartuko gara, beraz!