Hemen zaude

Izan badira modu asko euskara gure bizimoduan sartzeko, ikasle maiteok. Askotan transmititzen dizuegun mezua da hori; baina argi dugu, aldi berean, transmisio hori arrakastatsua izatea nahi badugu, ezinbestekoa dela ereduak eta aukerak topatzen laguntzea. Hori dela-eta, hauxe dakargu gaurkoan: Argihizkiak.

Argazkietan oinarritutako euskarazko literatur lehiaketa dugu Argihizkiak. Zergatik ez zara animatzen 6.edizio honetan parte-hartzera? 16-18 urte bitartekoa bazara, hauxe da zure lehiaketa; baita 18tik gorakoa bazara ere! Ez al da polita izan behar argazki bati interpretazioa ematea eta, testuaren bidez, ideia hori zertzea? 

Ala bada! Ez dezagun galdu denborarik eta has gaitezen goiko errotari eragiten! Nola? Erraz! Argihizkiak-en web orrian hamar argazki daude ikusgai dagoeneko; gehien inspiratzen gaituena hautatu, eta horri testua ezarri. Bai, lagunok! Badakigu inspirazioa beti ez dela berehalakoa, baina horretan ere arazorik ez! Denbora dago, sobera oraindik, lasai hartzeko eta behar beste pentsatzeko! Izan ere, lanak bidaltzeko epea maiatzaren 2an hasi, eta 31ra arte luzatuko da; garaiz gabiltza, beraz, neska-mutilok!

Ea! Aurreko lerroetan, testu hitza agertu da hor nonbait, eta … zuok ezagututa … imajinatzen dugu zelan hartuko zenuten! DENOK TRANKIL!!! Berez hau ez da zuok buruan bueltaka duzuen idazlan hori! Ez horixe! Hala ere, eta zer, izango balitz? Buruhausterik bat ere ez, horretan zuok baino trebatuago inor ez dago-eta! Baina ez da! Askoz ere libreagoa da! Askoz ere orijinalagoa! Gure artean, askoz ere dibertigarriagoa! Eta gainera, modalitate pare bat dugu aukeran: testu laburra, 100 berbatakoa; eta labur-laburra, 160 karakteretakoa.

Uda dator, nori ez diote mesede egingo sarian banatuko dituzten 200 euroek? Anima zaitezte, euskaldunoi zuzendutako egitasmo ederra dugu, eta zeuok ere euskaldunak zarete!

Informazio guzti-guztia, euren webgunean duzue ondo baino hobeto azalduta.