Hemen zaude

Azaroaren 1a, Domu Santu eguna, hementxe izango da astebete barru, eta azken urteotan bezala, ziurrenik bezperan Halloween ospatuko da leku askotan. Estatu Batuetako gero eta ohitura gehiago bertaratzen ari garen garai hauetan, eta joera horri nolabait aurre egiteko, sortu du Alakazam! jokoa Enric Aguilar balentziarrak Zombi Paella zigilu editorialarekin batera. Joko honek “La Fallera Calavera” izeneko aitzindaria izan zuen valentzian eta publikoak hain harrera ona egin dionez, sortzaileak balentziatik haratago zabaldu nahi izan du tradizioen lantzea, Iberiar penintsulako beste lurraldeetakoak ere ezagutzera emanez.

Beraz, lurralde ezberdinetako ondare etnologiko eta mitologikoa zabaltzea da joko honen helburu nagusia. Horretarako, 5 sorgin dira protagonista: valentziar bat, katalana beste bat eta euskalduna, andaluziarra eta galiziarra besteak, eta euren lana EEBBetako tradizio inbaditzaileak garaitzea izango da.

Euskal pertsonaien kasuan, gidaria Kattalin Sorgin Nagusia da, eta haren ondoan Olentzero edo Basajaun bezalako pertsonaiak daude. Pertsonaietan eta tradizioetan oso aberatsa da jokoa, eta elebitasunari garrantzia ematen dio; izan ere, instrukzioak 5 hizkuntzetan daude (katalana, valentziera, galiziera, euskara eta gaztelania) eta pertsonaia bakoitzak bere hizkuntzan esaldi edo abesti bat dauka. 10 urtetik gorako edonorentzat da, partidek ordu erdi inguru irauten dute, eta gehienez 5 jokalarik parte har dezakete jokoan.

Hala bada, eguraldi txarrari aurre egiteko zereginak prestatzen hasi nahi baduzue, eta Alakazum! jokoari buruzko informazio gehiago lortu nahi izanez gero, hortxe duzue zombipaella.com ataria.