Hemen zaude

Beti da ohorea gurean Marisa Barrena hartzea, baina gaurko ohorea bereziagoa da, nolabait; izan ere, hilabete batzuk buru-belarri lanean ibili ostean, heldu da egun handia; heldu da Hitzez eta Ahotsez ekitaldiko Jendaurreko Irakurtaldia. Ikus dezagun, bada, Marisak zelan ikusten duen literatura ekimena.

  • Noiz eta nola jaio zen Hitzez eta Ahotsez?

Hitzez eta Ahotsez amets batetik sortu zen.  Durango.com orainkarian idatzitako zutabe batetik .Euskaltegi eta zenbait ikastetxetako irakasleak deitu, taldetxoa sortu eta 2014an Sarri, Hitzez eta Ahotsez Jendaurreko Irakurraldiaren lehen edizioa jarri genuen martxan.

  • Googlen sartuta erraza da Hitzez eta Ahotsezen definizioa edo; jakin nahi dugu, baina, zer den sortzaileontzat, barru-barrutik ezagutzen duzuenontzat, egitasmoan ilusioz lan egiten duzuenontzat.

Hitzez eta Ahotsez herri ekimen bat da. Auzolanean burutzen dugun egitasmoa.  Urtarrilean hasi eta txiri-txiri , hilero,  hitzaldi,  kontu kontalari eta solasaldiak egin ondoren, maiatzean Jendaurreko Irakurraldi girotuaz amaitzen den literatura maratoia. 

  • Urteak, aurrera, eta arrakasta, gorantz. Zertan aldatu da edizioa lehenengo ediziotik? Eta etorkizunera begira, zertan aldatzea nahiko zenukete?

Lehen edizioko eskema ez dugu askorik aldatu, batez ere hazten, gehitzen joan gara. Partaidetza gorantz doa, ordu kopurua gehitu egin dugu eta azpimarragarriena sortzaile berriak dira. Sortzaile berriak bultzatzeko erronka jarri genuenetik pozgarria da ikustea zenbat lagun animatzen diren euren sorkuntza plazaratzen. Aurten 20tik gora dira eurek sortutako testua irakurriko dutenak. Horrez gain, sorkuntza arloan dantzak ere tartea izango du. Dantza berri bat sortu dute lurra gaitzat hartuz. Baita abesti bat ere, musika eta letra aurtengo edizioan estreinatuko dira.

  • Zein da ekimenaren helburu nagusia?

Helburu nagusia irakurleak Euskal Literaturara hurbiltzea da. Euskaraz irakurtzeari beldurra kentzea, izotza urtzea, apurtzea. Zelanbait esatearren, euskaraz irakurtzeko zaletasuna gehitzea.

  • Hala ere, bigarren mailako helbururik ere egongo da, urterik urte aldatzen den helbururik, ezta? Zein? Zein irizpidek markatuta?

Euskal Literaturen inguruan diziplina ezberdinetako eragileak biltzea izan daiteke bigarren helburuetariko bat. Betiere modu apal batean. Gure txikitasunetik aletxoa jartzea. Aukera ematea.

  • Parte-hartzea ezinbestekoa da ekimenean; zer dela-eta? Zeren mesederako?

Parte hartzea oso garrantzitsua da guretzat. Gaur egun kontsumo gizarte honek kultura arloan ere kontsumora bultzatzen gaitu. Kultura era pasiboan kontsumitzera. Guk beste bide bat jorratu nahi dugu. Aktibatzearen aldeko apustua egin nahi dugu. Mikroaren aurrean lehen aldiz jartzea gogorra da zenbaitentzat, baina ahalduntze modu bat ere bada, gure ustez. Bestalde, konturatu gara jendaurrean testua irakurtzen duten askok “euskalduntasun titulua” lortzen dutela herritarren aurrean, batez ere, euskara ikasten ari direnen kasuan

  • Amaitzeko, zelan animatuko zenuke  jendea horrelakoetan parte-hartzera?

Jendaurreko Irakurraldian parte hartzeko, ez da zirri askorik egin behar izaten. Erraz animatzen da jendea. Solasaldietan moteltxoago ibiltzen gara, baina bagoaz. Edozelan be, nik uste dut jendaurreko irakurraldi gehiago antolatu beharko liratekeela, herri guztietan, formatu ezberdinetan. Ez da zaila eta plazer handia sortzen du prozesuak berak eta, zer esanik ez, azken emaitzak. Niretzat urteko egunik zirraragarriena da jendaurreko irakurraldi eguna. Ilusio eta emozio handiz bizi izan ditut orain artean. Aurten ere horixe espero dut.

Marisa, benetan izan da plazerra! Mila esker zure hitzengatik, zure ahotsarengatik eta zure denboragatik! Eta, jakina, gu geu, bagoaz, beraz, hantxe elkartuko gara!