Usted está aquí

Urte bi joan dira jada euskaldunok 2018an lehen Euskaraldian parte hartu genuenetik. Txapa aldean jarrita ibili ginen ahobizi eta belarriprest andana, nor bere inguruan, euskararekin hartutako konpromisoari eusten. Erraz mantendu genuen emandako hitza batzuetan, beste batzuetan, agian, apur bat gehiago kostata; hala ere, itzelezko iraultza izan zela esan dezakegu saltsan sartuta ibili ginen guztiontzat. Ondorio, ideia, sentimendu asko jaso genituen egun haiek bukatu zirenean, baina batez ere , bat nabarmenduko genuke, hain zuzen ere, hurrengo Euskaraldia bizitzeko gogoa.

Heldu da, bada, unea. Aurten egingo da bigarren ekitaldia, azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Bidean, ordea, COVID-19ak eragindako konfinamendua agertu da, eta horrek datorren Euskaraldian eragin dezakelakoan, indarrak bere horretan mantendu ditzagun, @#EtxealditikEuskaraldira ekimena jarri dute abian Euskaralditik. Helburu nagusia hizkuntza ohituren aldaketa eta honekiko konpromisoa etxean bertan lantzea da. Izan ere, etxe barruan egonda eta ingurukoekin inoiz baino harreman hestuagoa eta sakonagoa dugun garai hau balia dezakegu hurbileko hizkuntza ohiturei erreparatzeko eta konpromisoak hartzeko.

#EtxealditikEuskaraldira apirilaren 20an hasi da eta maiatzaren 3an bukatuko da eta atal ezberdinetan banatuta egongo da. Hasteko, etxeetako leiho eta balkoiak koloretako puntuz apaintzeko gonbita egin digute guztioi, parte hartzea ikusarazteko. Ondoren, hausnarketa egin eta nork bere hizkuntza ohiturak nola aldatuko dituen erabaki behar izan dugu. Gaurtik aurrera, berriz, bide horretan lagungarri izango ditugun proposamenak zabaltzen hasi dira sareetan. Lehena, gaur zabaldu den “jolastu etxean euskaraz!” izan da, eta horretarako hainbat baliabide partekatu dira. Bihartik aurrera, zein izango dira aldaketa honetan laguntzeko proposamen edota ariketak? Auskalo! Adi-adi ego beharko gara sareei eta https://euskaraldia.eus/etxealdia/ webguneari begirik kendu gabe! Zuhur ibili!