Usted está aquí

Heldu da! Hemen da azken pausoa: AHOZKOA!

Batzuk deialdi honetan idatziraino heldu zarete. Ez arduratu; hartu atseden eta deskonektatu, baina, batez ere, ez kikildu eta jarraitu hasitako bidea! Kontuan izan egin duzuen lana eta eskainitako orduak. Horrek guztiak emaitza ona izango du lehenago edo beranduago, egon lasai: “EZINA, EKINEZ EGINA”!

Ahozkora joango zaretenoi, zorionak! Azken proba hementxe dago; desiratuena eta, aldi berean, oro har, beldur gehien ematen dizuena. Horregatik, gaurkoan, aholku batzuk ematea erabaki dugu. Magiarik ez! Klasean hainbestetan esan izan dizkizuegu, baina, badaezpada! Goazen, bada!

 

Azterketa eguna baino lehen egitekoak:

1.- Jendaurrean hitz egin behar dugunean, edozelako azterketa, tesi, hitzaldi eta abarretan, zenbat eta entsegu gehiago egin, orduan eta kontrolatuago izango dugu egoera eta geure burua, beraz, lasaiago egongo gara. AHAL BESTE AHOZKO EGIN hemendik eta azterketa egunera arte.

2.- Sarritan esaten dizuegu ahozkoa egiten duzuenean ZEUEN BURUA BIDEOZ GRABATZEKO etxean, zein ikaskideekin. Grabaketak bi helburu betetzen ditu. Batetik, norberak uste duena baino hobeto egiten dela ikustea eta urduritasuna kanpotik ez dela hain nabarmena konturatzea; bestetik, sistematikoak diren akatsak (errepikakorrak) identifikatu eta zuzentzeko aukera ematea.  

3.- BIRPASATU EGINDAKO AHOZKO GUZTIAK: gaiak, erabilitako ideiak eta lexikoa. Inoiz gairen batekin ez baduzue jakin zer esan edota argudio pobreak erabili badituzue, informazioa bilatu, bete argudioen maleta.

 

Azterketa egunean egitekoak:

HABEren web orrian kontuan hartu beharreko pare bat ohar aipatzen dira; azterketarako ordua baino gutxienez 15 minutu lehenago bertan egoteko gomendioa eta identifikatzeko NANa eramatea.

Behin azterketa barruan zaudetenean, hona hemen gogoratu beharreko bi kontu:

1.- ONDO PRESTATU! Hau da, prestatzeko ematen den denbora fundamentuz erabili. Pentsatu zer eta nola esango duzuen, eta horrekin eskema argia egin. Hitz egitea tokatzen zaizuenean, jarraitu egindako eskema eta, ahal dela,  ez inprobisatu, oso arriskutsua da-eta. Izan ulergarriak, zentzudunak, koherenteak eta argiak. Gogoratu hobe dela ondo erabilitako esaldi arruntagoak erabiltzea, esaldi “marabillosoa” hankaz gora esatea baino!

2.- AHOZKOA EZ DA LEHIAKETA, beraz, saiatu azterketa kideari laguntzen eta ez zapaldu haren jarduna. Hau da, elkarren lana errespetatu, batez ere elkarreraginean.

 

Besterik ez, kuadrilla. DOALA ONDO!