Usted está aquí

Aste bi baino gutxiago falta da @euskaraldia hasteko, eta denok gogotsu gauden arren, baten bat despistatuta ere ibiliko da, zer egin behar den argiegi izan gabe. Guk, badaezpada, sarean zabaldu diren aholkuen bildumatxoa dakargu aste honetan. #Belarriprest zein #ahobizi izan, beraz, ez galdu gaurko sarrera.

 #Ahobizi izango zaretenontzat, txapa agerian eramatea gomendatzen da, hiztunek erreferentea izan dezaten. @euskaraldia ariketa soziala ezagutzen ez duen jendearekin elkartuz gero, azaldu zertan datzan eta zein den zuek bertan hartutako rola. Gerta daiteke norbait ados ez egotea edo ekimena ez ulertzea; lasai, errespetatu elkarren iritziak.Horrez gain, komeni da aurreiritziak alde batera uztea, batez ere, ezezagunekin lehen hitza egiterakoan; baietz sorpresa galantak izan! Gertukoekin, ordea, aurretik komentatu eta adostu jakinaren gainean egon daitezen, horrela, erosoago sentituko zarete.

#Belarriprest izango zaretenontzat ere balio dute aipatutako aholkuek, baina kasu honetan pare bat gauza gehitu nahi ditugu. Batetik, zuok euskara eskatzea. Bai, bai!! Norbaitekin hizketan ari zaretela erdarara pasatzen bada, eskatu euskaraz jarrai dezala, eta ondoren zerbait ulertzen ez baduzue, galdetu. Bestetik, gogoratu #belarriprestok erdaraz erantzun dezakezuela, izan ere, zuen rolaren garrantzia euskara ulertzean eta eskatzean datza. Jendeak zuekin euskaraz hitz egiteko ohitura har dezala, gero ere hala jarraitzeko! Den den, behin saltsan egonda, saiatu zeuek ere euskaraz erantzuten!

Batez ere, ez ahaztu ekitea dela garrantzitsuena, etsi gabe aurrera egitea, eta, zer demontre, bai #ahobiziok bai #belarriprestok elkarrizketa elebidunak sortzen baditugu ere, fenomeno! Zergatik ez? Elkar ulertuz gero, bikain! 

Bukatzeko, gogora dezagun guztiok @euskaraldian izena eman dugunean, konpromisoa hartu dugula; euskal gizartearekin, euskararekin, eta, batez ere, norberarekin. Hala ere, norbanakotik aparte, taldeak lagun dezakeenez, pentsatu dugu ideia ona izan daitekeela bizipenak partekatzea. Horregatik, gure Facebookeko orri ofizialean joango gara @euskaraldian gertatzen zaizkigunak idazten; zelan ez, zeuonak ere jakin nahi ditugunez, hantxe partekatzeko aukera izango duzue. Ona, ezta?

Bada, ekin denok txaparen bila, eta ondo gorde 23ra arte!!!