Usted está aquí

Aurten Bai Fundazioak, aurrean ditugun erronkak kontuan hartuta, kezkaz begiratzen dio euskararen ikas-irakaskuntzaren sektoreari, oro har, eta, bereziki, ingurune digitalak eskaintzen dituen baliabideei.

BOGA programak (lehenengo modulua bukatu zela laster 20 urte izango dira) eta IKASBIL plataformak eskaintzen dituzten baliabideak kenduta, sarean gutxi dira euskararen ikasteko daudenak; are gutxiago beste hizkuntza batzuk ikasteko ezaguna dugun erakargarritasuna eta eraginkortasuna eskaintzen dutenak.

- Euskarak beste hizkuntzek ez duten zailtasuna ote du ordenagailuetarako programetara egokitzeko?

- Erabiltzaile potentzialak gutxiegi ote gara?

- Sektorearen finantziazioa txikiegia ote da?

Arrazoiak arrazoi, gure ustez, badugu, berandu baino lehen, bide berriak eta berritzaileak bilatzeko garaia, ingurune digitalak ematen dituen aukerak sektoreak gal ez ditzan, ezta horren alde egin dezaketen ikasleak/erabiltzaileak ere. Argi badugu ere euskarak ez dituela, kopuruari begira, inguruko hizkuntzen ikasle potentzialak.

Orain arteko bideak erakutsi digu, ingurune digitala aberasteko erronka bati heldu orduko, kontu asko eta ikuspuntu ezberdinak hartu behar direla kontuan; iritzi kontrajarriak aberasgarriak direlako. Horrela, azken erabiltzaileari begira, hau da, ikasleari berari begira, zein aukera edota produktu eskaini beharko geniokeen pentsatzeko, modu lasai eta informalean gure esperientziak eta ikuspuntuak partekatzeko world-cafe-a antolatu nahi dugu, gerorako proiektu desberdinetarako abiapuntua izan daitezkeen ideiak finkatzeko.

Aurretik, zentratzeko eta informazioa ordenatzeko, hiru hizlari izango ditugu; bakoitzak 20 minutuko azalpena emango diguna. Horren ostean, jaso dugun informazioa eta ditugun esperientziak eta iritziak lagun, gaiaz mintzatzeko tartea izango dugu, world cafe dinamika baliatuta.

 

Data:  otsailaren 21ean

Ordua: 9:00-14:00

Lekua: Yimby Sota, 1go solairua - BILBO

 

 

BESTE DATU BATZUK

ORAINA

Askotan kontrajarri dira e-learninga eta irakaskuntza tradizionala edo aurrez aurrekoa, baina kontrajartze hori alferrikakoa da, kontuan hartzen badugu onlineko munduak gero eta indar, jarraitzaile eta leku handiagoa duela egungo gizartean eta elkarren osagarri ere izan daitezkeela:

  • 3.700.000.000 pertsonek dute Internetera sarbidea munduan
  • Espainiako etxeen %82 on-line dago

EAEn:

  • %96k Interneterako sarbidea duen telefonoa du.

Zehatzago:

  • 15-24 urte bitartekoen artean % 99k
  • 25-34 urte bitartekoen artean % 96k
  • 35-44 urte bitartekoen artean % 97k
  • 45-54 urte bitartekoen artean % 92k
  • Eta 54 urte baino gehiago dutenek???

Kontua da, baina, Interneterako sarrerek ez ezik, erabilerak ere gora egin duela, eta horrek eragin zuzena du gizarteratzeko zein gizartean bizitzeko moduan.

  • Herritarren %51  sare sozialetako partaideak gara
  • Minutuko YouTuben 700.000 bideo-minutu  ikusten dira
  • Berriak teleberrietatik jaso beharrean, Facebooken bilatzen dira
  • Segundoko 6.000 txio argitaratzen dira Twitteren

Hala ere, datuak horiek izanda ere, oraindik ere euskalduntze-prozesuko betiko bidearen aldeko apustua egiten dugu, bidean gelditutako ikasleak berreskuratzeko edota bezeroen poltsa berriak topatzeko aparteko ahaleginik egin gabe. Izan ere, ikasgelak dituen mugak gainditzeko tresnak baditugu ere, tresna horiek baliatzen dituzten aukera ez dira asko. Horrela, neurri batean, Googlen hilero euskara hitza bilatzen duten 3.000 pertsona baino gehiago horiek erakartzeko eraginkorrak izan barik jarraitzen dugula baiezta dezakegu.

 

GEROA

Aurten Bai Fundazioak uste du euskararen irakaskuntzan oraindik ere aurrez aurrekoa izango dela ardatza, baina, era berean, uste du datozen urteetan ikasleak gero eta autonomoagoak izango direla; horrela, eskoletara joanda ere, bakoitzak bere tresnen eta erreminten mapa (PLE/NIE) izango du, eskolez gain, nahi duena eta nahi duen martxan ikasteko. Horregatik, uste du aukerak eskaini behar dizkiegula, ikasleak landu nahi duena lantzeko aukerak: YouTubeko kanalak, mikroikastaroak, ... beste edozein hizkuntzatan klik batera dagoen unibertsoa, alegia.

Eta aukera horiek, duten itxura edota egikaritzea dutela, ikasleen PLE/NIE hori osatzeaz gain, beste batzuen artean hurrengo erabilerak ere izan ahal dituzte:

  • Aurrez aurrekoari lagundu, ikasleak ondoen egokitzen zaizkion tresnak eskura izanda: eduki zehatza lantzeko ikastaroak, hiztegia lantzeko aplikazioak, …
  • Ikas-prozesua uzten duten ikasleen kopurua gutxitu.
  • Ikasle berriak ikas-prozesura hurbilaraztea, lehenengo harreman arrakastatsua edota baikorra eskainiz: euskararen irakaskuntza zer den ikusteko aukera arrakastatsua.
  • Ikas-prozesua arintzea.
  • Eskoletara joan ezin den ikasleari aukera bat ematea, behar duena lantzeko.

 

WORLD CAFE HONEN HELBURUA

Aipatu aukeretan/tresnetan lanean hasteko, Ikasleari begira, zer izan daitekeen interesgarriena egiten hastea erabakitzea.

Norabidea zehazten laguntzeko, baina, pentsatzen hasi orduko, komeniko litzateke beste hauek ere ezagutzea:

  • Egungo egoeran, didaktikan zein den norabidea. (Zer egin beharko litzatekeen)
  • Euskara lantzeko, alde teknologikoari begira, zer dagoen garatuta, edota garatze bidean, zer garatu daitekeen eta zer ez. (Zer egin daitekeen, teknikari begira)
  • Bezeroek, hau da, hizkuntza ikasleek nolako produktuak bilatzen dituzten: (Zer nahi duen bezeroak)
  • Produktuak funtzionatzeko zer behar duen: egokitzapen lan asko (gailu berriei egokitzeko, edukiak gordetzeko makina –erabiltzaileei zerbitzua emateko,…)

Horregatik, zer egin erabakitzeko, aipatutako eta jakin beharreko alderdi horiek argitzeko, hizlari batzuen hitzalditxoak entzungo ditugu hasieran; gero, horiek entzun ondoren, world cafe honek duen helburuari heltzeko; hau da, ikasleari zerbitzu eta aukera berriak emateko zein izan beharko litzatekeen hasteko lehenetsi beharreko produktua.

 

Agenda:

9:00-9:30:  Ongietorria.

9:30-10:45: Mikro-hitzaldiak (3):

  • (20’) MAITE GOÑI: Hizkutzen didaktikararen egungo norabidea.
  • (20’) MIKEL IRUSKIETA/MONTSE MARITXALAR: Euskaraz nolako garapenak gara daitezkeen, edota dauden tresnen egokitzapenek bideragarriak diren zein zenbait baliabideren mugak.
  • (20’) ALICJA JANKOWIAK: SUPERMEMO. Bezeroek programa edota aplikazio batean bilatzen dituzten ezaugarriak.

10:50-13:30 Talde lana: World-Cafe-a

  • Elkarrizketak eta, amaieran, ondorioak

13:45: Hurrengo urratsak eta eskerrak.

14:00: Luntxa

 

MIKRO-HITZALDIAK:

1. EGUNGO EGOERA azaltzeko:

INGURUNE DIGITAL ETA TEKNOLOGIAREN AUKERAK EUSKARAREN IRAKASKUNTZAN (Maite Goñi)


Jakina da euskarak aurrerapauso nabarmena eman duela azken urteotan alor ezberdinetan. Era berean, ezin uka daiteke ingurune digitalak zein teknologiak esparru askotariko aukerak zabaltzen dituztela eremu ezberdinetan. Euskararen irakaskuntza, baina, gai izan da -edo izango da- azken hauek eskaintzen dituzten aukera anitzei etekina ateratzeko? Bide berriak urratzea nahitaezkoa da? Eta hala bada, zeintzuk izan daitezke berrikuntzarako gakoak?

Galdera horiei eta beste hainbati erantzuteko asmoz, teknologiak irakaskuntzan eta, bereziki, hizkuntzen irakaskuntzan ematen dituen aukeretan pausatuko dugu begirada, hala nola, teknologia integratzeko eredu ezberdinetan, pil-pilean dauden metodologia berri eta joera teknologikoetan, irakaslearen formazioan, etab.

MAITE GOÑI


Maite Goñi Mondragon Unibertsitateko irakasle da. Besteak beste, bertako fakultate ezberdinetako irakasleen formazioan dihardu tekno-pedagogia esparruan (konpetentzia digitala, online ikastaroen diseinua eta IKTak hezkuntzan alorretan bereziki). Ingurune digitala, internet, teknologia eta euskara hizpide hartuta, hainbat mediotan kolaboratzen du, hala nola, EITBko Ahoz Aho eta Amarauna saioetan eta Ttap aldizkari multimedian. Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko kide da eta Ingurune Digitalaren  Batzorde-Atalaren zuzendari.

 

2. EUSKARAZ GARA DAITEKEENA, euskarak teknologiari nolako mugak jarzen dizkion:

EUSKARAK TEKNIKARI JARTZEN DIZKION MUGAK


Hitzaldi honetan euskararen irakaskuntzan Hizkuntzaren Prozesamenduko teknikek eta tresnek zer ahalbideratzen duten eta zein garapen dagoen eginda aztertuko da. Horrez gain, gaur egun arrakasta duten inguru batzuk euskarara egokitu daitezkeen ala ez argitzen saiatuko dira.

Gainera, orain arte garatu diren tresna batzuen adibideak erakutsi eta horiekin zer egin daitekeen azalduko dute. Bukatzeko, azalduko digute hizkuntzen irakaskuntzari dagokionez, Ixa Taldean sorturiko tresna zenbait garatzea zergatik den garrantzitsua, baina baita beste batzuek sorturikoak ere, eta orain CLARIN-ERIC bezalako hizkuntza azpiegiturekin lankidetzan aritzearen abantailak.

MIKEL IRUSKIETA


Mikel Iruskieta Euskal Filologian eta Filosofian lizentziatua eta doktorea Euskal Filologian. Bilboko Hezkuntza Fakultatean irakaslea da Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika sailean. Horrez gain, IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan (HEZikt.eus) Berezko Tituluko (UPV/EHU) zuzendaria da eta Hizkuntzaren Analisia eta Prozesamenduko (UPV/EHU) Masterreko irakaslea. Halaber, IXA Taldeko ikertzailea eta CLARIN-ERIC baliabide digital linguistikoak jendarteratzeko azpiegitura europearreko kidea da. IXA-CLARIN-K Humanitate Digitalen ikerkuntzarako hizkuntza teknologia garatzeko ikerketa-azpiegitura koordinatzen du.
 

MONTSE MARITXALAR


Montse Maritxalar, doktorea Informatikan eta IXA ikerketa-taldearen kidea dena, Euskal Herriko Unibertsitatearen irakaslea da Informatikan Ingenieritza graduan eta "Hizkuntzaren Analisia eta Prozesamendua" izeneko masterrean. Horretaz gain, "IKT eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan" izeneko berezko tituluaren batzorde akademikoko kidea da. Bere lana hizkuntzaren prozesamendua, ikaskuntza eta materialen sorkuntzara bideratuta dago. Egun, Eusko Jaurlaritzan Euskara Aholku Batzordean Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko Batzorde-atal bereziaren kidea da , eta "European Network for Combining Language Learning with Crowdsourcing Techniques" cost action ikerketa sarearen ordezkarietako bat Espainiar Estatuan.

 

3. BEZEROEN NAHIAK eta zer bilatzen duten jakiteko:

BEZEROEN LEHENTASUNAK ( Alicja Jankowiak SuperMemo World)


Hasteko, SuperMemo World-ek Polonian zein nazioartean duen esperientzia baliatuta, bezeroek estimatzen dituzten materialak aurkeztuko dira. Jarraitzeko, bezeroek zer bilatzen edo zer nahi duten galderari erantzuten saiatuko gara. Eta bukatzeko, norbanakoa bezeroa den merkatuan oso ekintzailea den enpresa baten ikuspuntutik, ikastaroek nolako edukiak zein nolako egitura izan beharko duten azaltzen saiatuko gara.

SuperMemo World


1980eko hamarkadan, SuperMemo World birpasen arteko denborak optimizatzeko ordenagailuak erabili zituen lehenengo enpresa izan zen eta, horrez gain, SuperMemo deituriko birpasatzeko metodoa sortu zuen. Gaur egun, SuperMemo World oraindik ere mundu mailako liderra da eta epe luzerako memoriaren gaineko ikerketa iturri bakarra, eta Polonian zein nazioarteko merkatuan duen 30 urteko esperientzia baliatzen du, autoikaskuntzarako ikastaroak eta e-learningerako bestelako produktuak diseinatzeko.

ALICJA JANKOWIAK


SuperMemo World-eko argitalpen saileko burua eta nazioarteko harremanetarako arduradunetako bat. Autoikaskuntzarako edukien garapena eta on-lineko zein sakelako irakaskuntzarako irtenbide teknologikoak dira bere ardurak. Zaletasunak atzerriko hizkuntzak, euskara zein txinera barne, eta irakaskuntza prozesuan teknologia berrien aplikazioa.