Usted está aquí

Etxepare Euskal Institutua eta Aurten Bai Fundazioaren arteko elkarlanari esker, urtero Institutuko irakurletza sareko mundu osoko euskal ikasketetako ikasleek egonaldiak egiteko aukera izan dute Zornotzako Barnetegian, baina ez pasa den urtean, orduan egoerak behartuta, barnetegira eta Euskal Herrira bertaratu beharrean, ikasleek euren etxetik barnetegi telematikoa izan zuten aukeran. Aitortu behar dugu ekimena arrakastatsua izan zela oso, eta ikasleen zein irakasleen balorazioa benetan baikorra; hala ere, barnetegiak Euskal Kultura ezagutu eta euskaraz eta euskara bizitzeko ematen dituen aukerak paregabeak dira eta, barnetegi telematikoan lana eta aprobetxamendua benetan bikainak izan baziren ere, badakigu barnetegiak baduela berezkoa duen balio erantsia. Horregatik, aurten, egoerak ahalbideratuta, ikasleak berriro jasoko ditugu Zornotzako Barnetegian eta horrek pozten gaitu. Badakigulako barnetegiko langileen eskutik, euskal hizkuntza ikasi eta bizitzeaz gain, lurraldea eta euskal kulturaren hainbat arlo ezagutzeko aukera ere izango dutela.

Aurtengo udan 23 bat ikasle etorriko dira hamabi egunetako egonaldiak egitera, uda honetan ere  munduko ipar hemisferioko hainbat herrialdetatik etorriko dira, hala nola, Alemania, Ingalaterra, Italia, Finlandia, Polonia, Hungaria, EEUU, Kuba edota Irlanda.

Era berean, aurten ere, bi erakundeek ‘Aurten, euskara bai!’ lehiaketa jarri dute abian beste behin. Horri esker, ikasle batek egonaldi eta bidaia gastuak ordainduak izango ditu, aurreko urteetan bezala. Parte hartzeko, ikasleek jadanik idazlanak bidali dituzte euskara hizkuntza ardatz hartuta eta, besteetan bezala,  aurten ere, partaideak asko izan dira.