You are here

Jakin duzu errenta-aitorpena euskaraz egin ahal duzula? Eta badakizu horrek zer esan nahi duen? Bada, zure esku ere badagoela administrazioa euskaldunagoa izatea. Ikus dezagun zein erraza den!

UEMAk abiatutako kanpainak argi baino argiago azaltzen du egin beharrekoa. Are gehiago, prestatutako materiala, hau da, kartelak, euskarriak, irudiak eta azalpen-orriak klik batez eskuratu ahal ditugu gure inguruan ere zabaltzeko: etxean, koadrilan, lantokian, elkartean …

Hala ere, laburbilduz, hauek dira jarraitu beharreko urratsak:

  • Autolikidazio-proposamena jasoz gero, onartzeko orduan, euskaraz egin nahi dugula adierazi behar dugu.
  • Aitorpen-mekanizatua egitekoak bagara, harremanetarako euskara hautatu behar dugu hitzordua eskatzen dugunean.
  • Interneten bidez egiten dutenetarikoak bagara, ordea, deskargatu beharreko programan dago gakoa; izan ere, euskarazko bertsioa deskargatu behar dugu. Eta, jakina, aholkularitzarik edo behar izanez gero, euskaraz jasotzeko eskatzerik ere badugu.

Zein izan daiteke trabarik handiena? Hiztegia? Egon lasai, UEMAko lagunek horretan ere pentsatu dute-eta! Materialean, besteak beste, tramiteak egiteko behar ditugun hitzak biltzen dituen hiztegitxoa topatuko dugu.

Ikusten duzuenez, aurten ez dugu aitzakiarik; beraz, prezio berdinean, euskaraz aitortu dezagun!