Hemen zaude

Ez ahazteko moduko arratsaldea igaro genuen, atzo, Zornotzako Barnetegian. Bai, jaun-andreok! Betiko izango dugu gogoan 2017ko ekainaren 1ean ehunka lagunek erakutsitako babesa!

Aurreskuak eman zion hasiera ospakizunari, etxaurrean; alegia, azken 25 urteotan 10.000 lagun baino gehiago euskaldundu duen etxe honen aurrean. Eta harreraren ostean, aretoan bildu ginen berbaz, musikaz eta lorez betetako ekitaldian murgiltzeko. Joxan Goikoetxeak (pianoan) eta Josune Marinek (gitarran) lagunduta, Xabier Euzkitzek bideratu zuen atzoko tarterik hunkigarriena; eta horretan, Mikel Etxebarria (Aurten Bai Fundazioaren Presidentea) eta Bingen Zupiriaren (Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua) hitzak ere entzun genituen. Hona hemen aipu bana:

 

Mikel Etxebarria: “Zornotzako Barnetegiak euskararen irakaskuntzan kalitatezko

                           zerbitzua eta 24 orduz euskaraz bizitzeko abagunea eskaini nahi ditu”.

 

Bingen Zubiria: “Zornotzako Barnetegiak euskararen ikas-prozesua hizkuntza

                          ideologietatik urruntzen eta gozamen zein aisialdiarekin lotzen jakin du”.

 

Azpimarratzekoa da, neurri berean, Xabier Euzkitzek unerako propio idatzitako kopla:

 

Zornotzako koplak

Laboaren doinu hontan

hasi behar dut bertsotan

ea irinik eho litekeen

koplariaren errotan

 

Zilarrezko ezteietan

harro zaitezte benetan

hainbat landare erne baitira

baratze eder honetan

 

Zornotzako barnetegi

euskararen katebegi

zilar kolorez jantzi zara gaur

noizbait urre bihur bedi

 

Dena indar ta adore

barnetegia dotore

ez arantzarik gabea baina

usain ederreko lore

 

Ni euskaldun jaio nintzen

belar txarrak nekez hiltzen...

Mende osoa iraganen dut

ene hizkuntza erabiltzen

 

   XE

Doinua: Sorterriko koplak (Laboa)

 

Aurrekoa esanda, momentu ezin aproposagoa dugu 25.urteurren honetarako prestatutako eta atzo bertan aurkeztutako bideoa zuokin partekatzeko. Ez da erraza 2 minututan laburtzea 25 urtetan bizi izandakoa, baina saiatu gara egindako bidea geuk zelan sentitzen dugun zuoi transmititzen; ea lortzen dugun!

 

Mila esker atzo bertoratutako guztioi! Mila esker langile guztioi! Eta, batez ere eta bereziki, mila esker 25 urte hauetan gure lora sustraitzen lagundu diguzuen ikasle guzti-guztioi!