Hemen zaude

Aste honetan, gure ikasle izandako Josu Barrenetxearen hitzak irakurri ahalko dituzue hemen. Hezkuntza proiektu desberdin bat martxan jarri nahi duen eskola bateko partaide dugu bera eta hark egindako idatzia duzue jarraian irakurgai. Etorkizuneko hezkuntza izango ote da? Nork daki! Badaezpada, irakurtzea gomendatzen dizuegu.

"Itxi itzazu begiak, desira bat eskatu, eta ireki berriro ere begiak. Berriz egin ezazu, eta beste behin, baita berriro ere… Zenbat aldiz egin dugu hau? Seguruenik askotan, baina ez nuke inoiz esango hori gehiegi dela. Gure ilusio, amets eta motibazioak baldintzatutako bidea izango dugu. Bina, hori baino ez al da gure helburuak betetzeko behar duguna? Logikoki, ez. Izan ere, aukeratutako bidea beti oztopoz beteta dago, barnekoak nahiz kanpokoak, ez ditugu ahaztu behar. Hori bai, ezin diogu utzi amesteari.

            Hori dela eta OSOTU Lanbarri Ikastetxea jaio zen, gure “Zuzen”aren (Marimar) ametsa legez. Hala, esfortzu izugarria egin ondoren, errealitate bihurtu da. Datorren irailean bere ateak irekiko dituen egitasmo bat da. Nola gertatu zen? Aniztasunarekin osaturiko talde bat sortuz joan ginen, iritzi antzekoekin hezkuntzaren inguruko beharrizanei buruz, eta denbora pasatu ahala, elkarrekin biltzen joan gara. Hezkuntzak ez du lortzen bere xedea; dena den, guk “Heziberri 2020” legea errespetatzen dugu. Beraz, aldaketa lortzea posiblea delakoan gaude.     

            Haurtzaroa errespetatzen duen hezkuntza nahi dugu; helduen ikuspuntutik egin beharrean, umeen burmuinaren ikuspuntutik gauzatuta. Horrez gain, hizketa bultzatzea, kuriositatea piztea eta kontzientzia sustatzea   (ez soilik komunikatua) dugu helburu. Gainera, errespetuaren eta segurutasunaren inguruan, lankidetza eta aniztasuna sustatuz eman nahi ditugu urrats horiek. Horrela, ikaskuntzan dagoen akatsa gure lagun bilakatzen da, zeina beharrezkoa den ikasketa esanguratsua egiteko. Hots, aldatzeko aukera berri bat da. Gure iritziari dagokionez, zutaberik garrantzitsuena hezkuntza emozionala da, sentitzen duguna transmititzen dugulako. Azken finean, transmititzen dugun hori baikara gu. 

            Tamalez, gure gizarteak konparaketak ez ezik, zenbakietan oinarritutako emaitzak ere sustatzen ditu. Ondorioz, gizarteak guregan eragina dauka. Horregatik, maiz frustrazioa eta inbidia besterik ez dugu bizi. Hain zuzen, korrika egin nahi dugu, gehiegi, eta honen ondorioetan ez dugu pentsatzen. Bestalde, gure aburuz, ikasleak ezagutzea ezinbestekoa da, eta beharrezkoa da hori egitea, umeen erreferenteak baikara. Honela, euren gaitasunak indartu behar ditugu, pertsona bezala aurrera dezaten. Ikus dezakegunez, motibazioan datza gakoa ikaskuntzaren motorra delako.

            Hortaz, umeei bideratutako hezkuntza eskaini behar diegu, ikasleak  beraiek direlako, nahiz eta gu ere haiekin egunero ari garen ikasten."