Hemen zaude

Plazer handia da, beti, hizkuntzarik bizirik mantentzen ahalegintzen den jendea gurean hartzea, eta horrela sentitu dugu Paula Huenumilla Herrera maputxea gure artean edukitzeko aukera. Ikus dezagun, jarraian, nor den Paula eta zeintzuk diren bere helburuak eta ardurak.

  • Ea, Paula, hasteko, nor da Paula?

Ba, Paula, nire lehenengo abizenean ikusi duzuen moduan, jatorri maputxea duen neska bat da. Beti bizi izan naiz Araucon (Txile); izan ere, aitaren familia Wallmapetik atera zuten bera txikia zela. Horren ondorioz, duela urte asko galdu genituen erroak, eta berreskuratzeko premia da, gaur egun, niri bizitzaren motorra.

  • Nondik dator aipatutako premia?

Lehenengo eta behin, esan nahi dut beti egon naizela harro nire abizenaz; bestela esanda, inoiz ez dut ezkutatu izan. Hala ere, kultura maputxearekin lehenengo hartu-eman erreala, nire kulturan erabat murgildu ninduena, 2015eko otsailean izan zen; data handia niretzat. Izena eman nuen oinarrizko mapuzuguna ikasteko barnetegi batean, eta 21 egun haiek erabateko bizimodu aldaketa ekarri zidaten. Hausnarrarazi egin zidaten, baita hainbat gauzez ohartarazi ere; eta, beharbada garrantzitsuena: egoera berean zegoen eta sentimendu berberak zituen jendearekin partekatu ahal izan nuen.

  • Zertaz ohartu zinen, ba?

Gauza asko eta askotaz, baina interesgarria iruditzen zait azpimarratzea konturatu nintzela hizkuntza ezinbesteko osagaia dela maputxeontzat; mapuzugun da elementu nagusia kultura ulertzeko eta kulturan barneratzeko. Horregatik izan nuen argi, hasieratik, ikasi nahi eta behar nuela. Era berean, norberak bezala pentsatzen duen jendeaz inguratzearen garrantziaz ere izan nintzen kontziente. 21 egun haietan,  beste mundu bat ezagutzeko abagunea izan nuen, eta barneko zutabeak astindu zizkidan horrek; baten bat bota arte astindu.

  • Zer esan nahi duzu azken horrekin?

Adibidez, nire lagunak: konturatu nintzen ez genuela zer ikusirik. Barnetegiko jendearekin partekatzen nituenak ezin izango nituen inoiz komentatu  nire lagunekin, maputxeak ez izateaz gain, ez baitzuten uste harro egoteko kontua zenik. Erabateko etsipena izan zen, halaber, “gure historia”; hobeto  ulertuko duzue unibertsitatean historia ikasi nuela badiot. Zeharo ezberdin kontatu zidaten eta, jakina, askoz ere konformeago nago orain deskubritzen ari naizenarekin.

  • Argi dago, Paula, zure bizitzan aldaketak egon direla; gogorra izan da?

Zelan esango nuke: gogoko tokian aldaparik ez! Uste dut prozesu gogorra dela; batzuetan, une onak eta, beste batzuetan, ez hain onak. Egia da oso momentu onean nagoela oraintxe bertan: motibatuta! Ilusioz beteta! Itxaropentsu! Baina tarte txarrik ere izan dut; gehienak, identitate-bilaketak eragindakoak. Batzuetan, abizen maputxea izateak ondorio txarrak izaten ditu: alde batetik, Txilekoek indioak deitzen digute; eta beste aldetik, maputxeek, champurrianoak (mestizoak) eta wuariacheak (hirian bizi garelako eta terrenorik ez dugulako). Imajinatuko duzuenez, ez da batere atsegina identitate batekiko horrelako errespetu falta jasatea. Nik, ordea, txalotzen gaituztenak hartzen ditut aintzat.

  • Zein da zure papera berreskuratze lan honetan?

Ni, gehien bat, hizkuntzan zentratu naiz, eta Mapuzuguletuaiñ elkarteak eman dit horretarako bidea. Elkartean komunitate linguistikoa berregituratzeko zein hiztunak zein hizkuntzarako baliabideak sortzeko egiten dugu lan. Nik neuk ere jarraitzen dut nire ikaste prozesuan; are gehiago, praktikatu ahal izateko, zonalde maputxera joan naiz bizitzera, eta orain etxetik 7 ordura bizi naiz. Bitartean, mapuzugun irakaslea ere banaiz. Ikastaroak direla, barnetegiak direla, baditut ikasle batzuk; eta aitortu behar dut nire ahaleginaren uzta direla. Bestalde, maila pertsonalean, benetan nahiko nuke nire seme-alabek mapuzugun izatea ama hizkuntza; baita euren seme-alabek izatea ere. Hori dela-eta, hauxe da nire teoria: nire nahiak bete daitezen, bai ala bai handitu behar dugu hiztun-komunitatea hurrengo belaunaldikoek bikotekide mapuzugundunak topatu ahal izateko. Horrek emango lioke zentzua nire erronkari.

  • Esan behar dizugu, Paula, itzela dela horrelakoak entzutea. Oilo-ipurdia ere jarri diguzu! Asko maite dugu hizkuntzak maite dituen jendea, eta indarrez borrokan jarraitzera animatu nahi zaitugu. Bukatu orduko, baina, berba batzuk eskatu nahi dizkizugu mapuzugunez.

“Mapuzugukeiñ taiñ mapuchegeal” (Egin dezagun mapuzugunez maputxeak izateko)

  • Ba horretan antzekoak gara, geu ere euskarak egiten gaitu euskaldun-eta. Mila esker eta nahi duzunera arte!