Hemen zaude

Nori ez zaio gustatzen, ba, film on bat ikustea? Barruak astintzen dituen horietakoa, gura dugu esan! Eta liburu batek harrapatua sentitzea nork ez du gustuko? Nobela beltzak eragindako jakin-minak pizten duen irakurtzeko gogoa azaldu ere ezin da egin, ezta? Umorea ere behar da egunerokotasunari aurre egiteko eta horretarako bide ona web-serie laburtxoak izan daitezke.

Ea! Eta hori guztia euskaraz? Bai, jaun-andreok! Gaur egun, bai! Euskara zaharra bezain aktuala da, gaur egungo bizimodura erabat egokitutako hizkuntza; eta horren froga da gaurko honetan aipatu nahi ditugun lanak.

  • Handia filma (Jon Garaño eta Aitor Arregi)

Dagoeneko, denok izango duzue Handia filmaren berri, ezta? Gutxi gorabehera ezagutzen duzue Altzoko mutil handiaren istorioa: herriz herri, hiriz hiri, herrialdez herrialde ibili zen, anaiarekin batera, bere handitasun horretatik bizimodua atera nahian. Baina zer dago istorioaren atzean? Zerk nahasten ditu ikusleon sentimenduak? Ikusi eta sentitu; horixe da gure aholkua.

  • Jainkoen zigorra eleberria (Alberto Ladron Arana)

Ladronen libururik irakurri duzuenok ondo dakizue zelako estiloa duen idazleak eta zelako produktuak sortzen dituen. Zelan azaldu genizueke, hitz gutxitan, oraindik ezagutzen ez duzuenoi: nobela beltza! Literaturan gehiegi konplikatu barik, naturaltasun osoz, Albertok, bere liburuen bidez, irakurleok hasieratik amaierara arte adi mantentzeko gaitasuna du. Eleberri berri honetan, anaiak, heriotza, erritu aztekak … Zer egongo da hilketa horren atzean? Ea zer dioskun, oraingo honetan, idazleak aspaldi sortutako Leire Asiain inspektoreak.

  • Nomofobikak web-seriea (Joserra Camacho, Olatz Beobide, Amaia Lizarralde eta Pedro Fuentes)

Eta amaierarako utzi nahi izan dugu hiruretatik dibertigarriena. Ez da gurean formaturik ohikoena, baina, gure ustez, oso aproposa hain arin bizi garen garai honetan eguneroko barre-pilula hartzeko. Olatzek eta Amaiak ederto hartu dute nomofikoen rola, eta egungo errealitatea den horren gaineko kritika ezin hobea egiten dute; hain zuzen ere, telefonoari itsatsita bizitzearen gainekoa. Hiru minutuko ataltxoak diren arren, minutu nahiko behin baino gehiagotan norberaren burua pantailan identifikatzeko.

Hauxe ere euskara bizitzea delako, anima zaitezte!