Hemen zaude

Gizakien nahi eta  egunerokotasunaren etengabeko erronka beti ahalik eta hoberen bizitzea da, hots, osasuna zaintzen dugu, zoriontsu egiten gaituena zaintzen dugu, kirola egiten saiatzen gara, elikadura kontrolatzen dugu... Hala ere, heriotza heltzean, izugarrizko sufrimenduak jasatzea onartzen dugu, bizitzeko eskubidea hiltzekoaren gainean jarriz. Izan ere, uste dugu bizitza eta heriotza bananduta daudela, baina egia esan, elkarren artean estuki lotuta daude, bata bestearen jarraipena baita.

 

Badirudi gizarte honetan bizitzaren kalitateak bere luzapenari heltzen diola, eta horietako bat barik bestea ezin daitekeela izan. Hala eta guztiz ere, hori ez litzateke horrela izan behar. Izan ere, pertsona batek luze iraun dezake bizitza honetan, eta aldi berean, bizitza ez disfrutatu. Orduan, pertsona horrentzat bizitzen jarraitzea zigorra izango litzateke. Egoera hau oso ohikoa da gaixotasuna larri eta degeneratiboak pairatzen  dituzten gizakietan, non, nahiz eta beren desira bizitzaren helmuga zeharkatzea izan, sistema honek haien sufrimendua luzatzera kondenatzen dituen.

 

Arestian esandakoa oraindik ere existitzea ez da zilegi, eta badirudi erlijio kristauaren oinarriari heltzen diogula zentzu horretan. Ezaguna denez, katoliko eta Judioek uste dute bizitza Jainkoak emandako zerbait dela, eta ondorioz, bera dela bizitza noiz bukatuko den esan dezakeen bakarra. Hala ere, eutanasia legeztatzeak ez du inor hori aplikatzera behartzen, eskubide bat baita. Hortaz, kristauei ez die zertan eragin.

 

Beraz, gizartean dena aurrera doa, zientzia eta teknologia garatu, etab, baina hein berean, gure pentsamoldea ere birmoldatzen doa? Egia da sufrimenduarekin bukatzeko sendagai eta teknika anitz daudela sufrimendua asko baretzen edota harekin amaitzen dutenak, adibidez, morfina. Edozelan ere, ez da zentzuduna pertsona batek bere bizitzaren azken momentuak drogatuta eta inkontziente edota makina bati lotuta ematea. Nire uste apalean, askoz duinagoa ez ezik gozoagoa ere bada, sufrimendua jasangaitza izan baino lehen, familiaz eta gertukoez inguratuta bizitzaren azken egunaz gozatzea eta, minak bizitzarenganako dugun maitasuna gainditzen duenean, heriotza ezagutzea.

 

Hala eta guztiz ere, ezin da beti gaixoaren nahia jakin, batzuetan hain da latza dagoen egoera non ezin baitu adierazi. Egoera horietan ere, eutanasia aplikatu beharko litzateke, bere egoera atzera bueltarik ez badu.

 

Arazo horri konponbiderik ez ematea eta eutanasia ez legalizatzeak, ilegalitasun eta klandestinitate izaeretara  garamatza, esaterako,pozoiketak.

 

Aurreko guztia kontuan hartuta, eutanasia aplikatzea, gaixoen sufrimenduak luzatzea baino etikoagoa delakoan nago, eta ondorioz, argi eta garbi, legeztatu beharko litzateke Belgika bezalako estatuetan egin duten legez. Bizitza hobea da hiltzea,hilik bizitzea baino.

Begoña Artetxe