Usted está aquí

Heldu da aurtengo Hitzez eta Ahotsez jendaurreko irakurraldi jarraitua. Urtero bezala, Durangoko @plateruena antzokian elkartuko gara ekimen honetan parte hartuko dugun irakurle, entzule, idazle, musikari, antzezle eta beste hainbat sortzaile. Arratsaldeko 5etan hasi eta gauerdira arte iraungo du aurtengo ekitaldiak, eta inoizko parte hartzaile gehien izango ditu; 280 literatura zale, hain zuzen ere.

Hainbestetan idazten ditugu blog honetan irakurketarekin lotura duten sarrerak, izan ere, irakurtzea hizkuntzak ikasteko eta gozatzeko bide bikaina dela uste dugu. Hitzez eta Ahotsez, hala ere, irakurketa ekitaldi bat baino askoz gehiago da; ez soilik musika, antzerkia eta dantza ere batzen dituelako, baizik eta bertara hurbiltzen garen zaleok ozenki eta jendaurrean irakurtzen dugulako. Erronka itzela, aizue!

Marisa Barrena durangarra ibiltzen da buru belarri antolaketa lanetan, eta bere hitzetan, ekimenaren helburu nagusia “irakurleak euskal literaturara hurbiltzea da. Euskaraz irakurtzeari beldurra kentzea, izotza urtzea, apurtzea”. Horrez gain, sortzaile berriei euren lana plazaratzeko aukera  ematea da beste helburuetako bat, eta esan beharra dago, ekitaldiak urtean-urtean gero eta parte hartzaile gehiago dituela, beraz, bide onetik doan seinale.

Antzeztokira igoko direnen artean eskualdeko hainbat idazle egongo dira, euren artean, Lourdes Unzueta, Mila Salterain, Paddy Rekalde, Josu Unzueta, Jose Julian Bakedano, Leire Bilbao, Peru Madalena eta Rafa Ugalde. Xabier Amuriza bertsolaria ere bertan izango da berak sortutako bertso batzuk irakurtzen, eta hauekin guztiekin batera, ikastetxe zein euskaltegietako ikasleak, berbalagunak eta baita Bogoroditsie eta Done Xixili abesbatzak.

Beraz, hainbeste lagun elkartuko gara bertan euskal literatura ospatu eta partekatzeko, irakurriz eta entzunez gozatzeko. Ohitura bihurtutako hitzordua guretzat, guztiontzat ateak zabalik izango dituena. Erduzie!